Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuta eta Nafarroako Triatloi Federazioaren laguntzagaz, Euskal Herriko Triatloiaren V. Gala egingo da domekan [urtarrilak 31], Irungo (Gipuzkoa) Atalaia Hotelean. Festa horretan 2015 denboraldian triatloi eta dualoi zirkuituetan garaipena lortu dutenei saria banatuko zaie. Triatleta esanguratsuen artean, Ondarroako
Koaxi Sconcept eta Lekeitioko Garraitz triatloi taldeetako hainbat kide ere sarituko dituzte.
Era berean, Zarauzko Distantzia ertaineko Euskadiko Txapelketako garaikurrak ere banatuko dira galan, hainbat kategoriatan banatuta. Hor ere, hainbat sari jasoko dituzte eskualdeko triatletek.
Bizkaiko Triatloi Galan sarituak izan ziren eskualdeko triatletak. Argazkia: Koaxi
Euskal Herriko Triatloi zirkuituari dagokionez, hain zuzen ere, Koaxiko Nagore Elu Arantzamendi eta Arantza Burgoa Agirregomezkorta eta Garraitzeko Paul Goitia Markuerkiaga sarituko dituzte. Burgoak, esaterako, Beterano 2 kategoriako sari nagusia jasoko du emakumezkoetan. Eluk eta Goitiak, ostera, 23 urtez azpiko eta kadete kategoriako 2. postuak lortu dituzte, hurrenez hurren.
Euskadiko distantzia ertaineko sariei dagokionez, aldiz, hiru izango dira sarituak: Koaxiko Ioana Osa Larruzea eta Arantza Burgoa Agirregomezkorta eta Garraitzeko IƱaki Mendieta Lasarte. Osak, absolutu mailan podiuma egin zuen, hirugarren postua lortuz. Burgoak eta Mendietak, ostera, euren kategorietako sari nagusiak jasoko dituzte. Ondarrutarrak beterano 2koa eta lekeitiarrak beterano 3koa jasoko dute, hain zuzen ere.