Turismo Mahaiak bere lehen proiektua izango du kalean datorren astean. Turistei edo herriko bisitariei begira Markina-Xemeingo planoa sortu dute, xehetasun guztiekin.
Turistaren planoa.
Turismoari begira gabezi batzuk identifikatu zituen Turismo Mahaiak eta zehaztutako gabezien artean turistak edo bisitariak herrian zehar mugitzeko informazioa falta zutela ikusi zuten. «Markina-Xemeinen turismo bulegorik ere ez dago eta bisitarien kopurua ere asko igo da azken urteetan», azaldu dute. Horrenbestez, gabezia horri erantzun on bat emateko asmoz, herriko plano bat eratu dute.
Bi alderdi
Bi alderdi izango ditu planoak. Lehenengo alderdian planoa bera ikusi ahalko da marrazki formatuan eginda. Gainera, ikusi beharreko puntuetan seinaleak jarrita egongo dira.»Ikusi beharrekoak eta gomendagarriak diren tokiak ezberdinduta egongo dira kolore bidez», zehaztu dute.
Gainera, ibilbide proposamen bat ere egiten dute, zenbakiei jarraituta egiteko modukoa. Horrez gain, zerbitzuei buruzko informazioa eta ordutegiak ere azalduko dira.
Planoaren beste alderdian, zehaztutako puntu esanguratsuei buruzko testu bat joango da, xehetasunekin. Hau da, ibilbidea zehaztasun gehiagogaz azalduta agertuko da, argazki batzuekin.
Eraikin esanguratsuez gain, beste hainbat arlok ere lekua izango dute planoan: historiak, produktuek, kaleko arteak eta pintxo poteak besteak beste.
«Markina-Xemein zabal baten irudia azaltzeko ahalegina egin da. Markina-Xemeinenek eraikinez gain beste gauza asko eskaintzen dizkiola bisitariari adierazi nahi izan dugu».
Horrela, planoan umeen guneak eta Donejakue bideko ibilbidea ere ageri dira. Bestalde, frontoiari aparteko toki bat eskaini nahi izan diote.
Eskura
Planoak udaletxean, herri bibliotekan eta Uhagon kulturgunean egongo dira eskura, bai eta ostatuetan ere: aterpetxe, landetxe eta hoteletan. Horrez gain, Bilbo, Lekeitio eta Ondarroako turismo bulegoetara bideratuko dituzte batzuk.
«Herritarrei planoak non egongo diren jakinarazi nahi diegu, horrela, denen artean, bisitariei lagundu ahal izateko».
Behin planoa eginda, aurrera begirako erronka nagusia webgunearen turismo atala eguneratzea izango duela aurreratu du Turismo Mahaiak.