Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketaren Lekeitioko kanporaketa jokatu da, Guzurmendin. Lea-Artibain jokatu den herri mailako azkena. Bederatzi bikote aritu dira musean. Hiruko taldeetan banatuta hasi dute kanporaketa, lauko onenera. Giro onean, lagun artekoan jokatu dute egokitu zaizkien bikoteen aurka.
Zornotzan edukiko dute bikote irabazleek hurrengo hitzordua, otsailaren 20an, lehen kanporaketa irabazi duten gainerako bikoteekin batera. Hantxe jokatuko da, hain zuzen ere, Bizkaiko Txapelketa.
Giro onean joan dira partidak
LEA-ARTIBAIn Bizkaiko Txapelketarako sailkatu diren bikoteak
- Aulesti: Xabat-Arkaitz
- Gizaburuaga: Luis Anakabe-Txato
- Ispaster: Gorka Madarieta-Xabier Meabe
- Lekeitio: Ander-Teki
- Mendexa: Jabi-Bolota
- Munitibar: Alex-Pepelu
- Ondarroa: Aitor-Gaztedi
Euskal Herriko
finala, berriz, Zuberoako Urdiñarbe herrian egingo da, martxoaren 5ean. Sari potoloak banatuko ditu Euskal Herriko Mus Federazioak. Txapela, garaikurra, 3.000 euro eta Karibera lau lagunentzako bidaia (dena barne) irabaziko dute txapeldunek; garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzako bidaia Kanaria Uharteetara txapeldunordeek.
3. bikote sailkatuak 750 euro eta asteburuko egonaldi bat lau lagunentzat, eta 4. bikote sailkatuak, berriz, 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula. Hurrengo sailkatzen diren bikoteak ere ez dira esku hutsik geldituko: sari txikiagoak jasoko dituzte.
Iaz Euskal Herri osoko 200 herri baino gehiagotan jokatu zen txapelketako lehen kanporaketa, eta, gutxi gorabehera, 4.000 pertsonek parte hartu zuten.