Kaiozaleen topagune izan da goizean Ondarroa. Aranzadik eta Arkamurka Natur Elkarteak antolatuta, portuan bildu dira, besteak beste, Euskal Herriko, Madrilgo, Andaluziako, Kataluniako, Galiziako, Kantabriako, Huescako, Suitzako edota Irango hegaztizaleak. Asko eta asko, kaioetan bereizituta dauden adituak. 08:20an atera dira Zarauztik, eta 09:15erako, Egidazu Kaian bilduta zeuden ia guztiak. Kamera, prismatiko eta teleskopioak eskuetan, Asier Aldalur Aranzadi eta Arkamurka Natur Elkarteko kideak liburuxka bat banatu die. “Kalatxoriak erakarri, eta jendeari erakutsiko diogu nola bereizten diren. Izan ere, batzuk oso adituak dira alor honetan, baina beste batzuentzat lehen aldia izango da», esan du Aldalurrek.
Asier Aldalur, azalpenak ematen Egidazu kaian
Porturako bidea hartu dute ostean. Gurutze Gorriaren parean eta itsasontziak konpontzen dituzten karro parean egin dituzte hurrengo bi geldialdiak. Bost-sei kalatxori ezberdin ikusi ahal izan dituzte: reidora, gabioia, hankahoria… Hiperborea deiturikoa ikusterik ez dute izan. “Egunotan kalatxori hiperborea bat ikusi ahal izan da Ondarroako portuan, eta hori ikusteko gogoa bageneukan, baina ez dabil hemendik”. Gauza bera gertatu da argentea amerikarragaz. Ondarroan ikuskatu izan du Aldalurrek kaio berezi hori. Azken bisita honetan ez dute ikusterik izan.
Portua atzean lagata, kofradia parean amaitu dute bisita. Ondarroatik Ziburura joan dira. “Marea beherantz doa, eta Ziburun errekan ikusi ahalko ditugu kaioak”. Han bazkaldu, eta Zarautzen jarraituko dute Laridays 2016 jardunaldiek.
Kaiozaleek karro parean egin dute geldialdi bat
Tokia aproposak
Galizian egin zituzten iaz, estreinako, Laridays jardunaldiak, eta arrakasta handia eduki zuten. «Kaioentzat eta itsas hegaztientzat bereziki toki aproposa da Galizia. Lurmurtur bat denez, bertan izaten da horiek behatzeko aukera gehien, baita espezie arraroenak ikusteko ere. Baina Euskal Herria ere oso egokia da horretarako», nabarmendu du Aldalurrek. Une honetan, hainbat kaio mota topatu dituzte hemen inguruan: delawarea, kaio hauskara, hiperborea eta hegazuri, beste batzuen artean. «Hainbat hegazti negutiar aurkitu ditugu gurean, eta jada ikusgai daude. Bestela, horiek ikusteko Groenlandia eta halako tokietara joan beharra dago».
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.