Bi urtetik gorako lanaren ondoren,
Euskal Kontzertu Ekonomikoa: Ikuspuntu pertsonal bat argitaratu du Pedro Luis Uriarte 1981 urtean Kontzertu Ekonomikoaren Negoziazio Batzordeko Presidente izan zenak, eta
Alkarregin elkartearen gonbidapenari erantzunez, lan horretan jaso duen bere ikuspuntu pertsonalaz hitz egingo du Markina-Xemeingo
Esperanza eraikineko Auditoriumean, etzi [otsailak 3],
19:00etan, eskainiko duen hitzaldian.
Pedro Luis Uriarte 1981 urtean Kontzertu Ekonomikoaren Negoziazio Batzordeko Presidente izan zena. Argazkia: Alkarregin
Pedro Luis Uriartek, Kontzertu Ekonomikoaren sorrera eta bilakaeraren nondik norakoak oso ondo ezagutzen ditu, bera izan bait zen, lehenengo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailburu bezala, Kontzertu Ekonomikoaren Negoziaketa batzordearen buru. 2015.urte amaieran kaleratu zuen lan berria eta gizarte osoaren esku jarri zuen, doan,
www.conciertoeconomico.com webgunean.
Ibilbide oparoa
Pedro Luis Uriarte Zientzia Ekonomikoetan eta Zuzenbidean Lizentziaduna da, Deustuko Unibertsitatean.
Berrogeita zortzi urteko ibilbide profesionalaren ondoren, eskarmentu handia du industria sektorean, finantza sektorean (BBV eta BBVAko Kontseilari Ordezkaria eta Presidenteorde izatera iritsi zen), aholkularitza, I+G+B eta administrazio publikoan; baita unibertsitate arloan ere, zazpi urtez Deustuko Unibertsitate Komertzialeko, enpresa eraldaketa eta kudeaketa aurreratuarekin zerikusia zuten gaietako irakasle izan bait zen.
2002.urteaz geroztik, berak sortutako Ekonomia, Enpresa, Estrategia, aholkularitza estrategikoko enpresaren Presidentea da. Betebehar horregaz batera, hainbat enpresetako Kontseilari eta Aholkularia da eta unibertsitate zein gizarteko hainbat jardunetan kolaboratzen du. 2007.urtean Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia sortu zuen, Euskadi berrikuntzaren erreferente europarra bihurtzea helburu duen erakundea, eta bere lehen Presidentea izan zen. Gaur egun, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza arloko hainbat ekimenetan hartzen du parte, baita ekonomia eta enpresa topagune desberdinetan ere.
Administrazio publikoaren alorrean, 1980-1984 bitartean, lehenengo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailburu izan zen. Euskal administrazio berriaren oinarri operatiboak ezartzearekin batera, Kontzertu Ekonomikoaren Negoziazio Batzordeko Presidente izan zen, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat Kontzertu Ekonomikoa berreskuratu eta Arabakoaren eguneratzea ahalbidetu zuena, hain zuzen ere.
2005.urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman zion, Kontzertu Ekonomikoaren garrantzi eta aldarrikapenean egindako lanaren aintzatespen bezala. Bilboko Merkataritza Ganbarak Bilboko Kontsul izendatu zuen 2009 eta hurrengo urtean, 2010ean, Bilboko Udaletxeak Bilboko Ospetsu izendatu zuen.