Barikuan jokatu zituzten
Durangaldeko Eskupilota Txapelketako partidak federatuek eta zapatuan eskola mailako gaztetxoen txanda izan zen; bietan lortu zituzten pilotariek emaitza onak.
Markina-Xemeingo Eskupilota taldeko pilotariak Peio Urionabarrenetxea entrenatzaileagaz. Argazkia: Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea
Markina-Xemeingo taldeko
Peio Etxebarrietak eta
Ander Lejarzarazuk alebinetan eta
Zubikaraik eta
Balserak nagusien mailan jantzi dituzte asteburuan, Durangaldeko norgahiagokako txapelak. Beste bikoteak ere maila onean ibili ziren eta garaipenaren tantu bakarrera ere geratu ziren benjaminak, hala ere, ezin izan zuten azkenean, garaipenik etxera ekarri. «Umeen partidak oso estuak izan dira. Gainera, orain dela bi urte jokatzeko modua aldatu zenetik errazago egiten da, nahiz eta ondo jokatu, galtzea», adierazi du Markina-Xemeingo Eskupilota Taldeko entrenatzaile
Peio Urionabarrenetxeak.
Markina-Xemeingo entrenatzailea, «pozik» agertu da umeek egindako lanagaz. «Oso gaitza izaten da horrenbeste bikote finaletara heltzea, eta aurten, nagusien bikote bat eta umeen mailako lau izan ditugu», azpimarratu du. Txapelak baino garrantzitsuago dela esan du Urionabarrenetxeak, umeek egindako ahalegina.
Durangaldetik Bizkaira
Hiru finaletara ailegatu dira aurten
Lea Ibarra Motrollo taldeko pilotariak eta bi garaipen eskuratzea lortu dute.
Uribarrik eta
Ekainek jantzi zituzten barikuan kadeteen mailako txapelak, Iurretari irabazi ondoren. Hurrengo egunean, berriz,
Kareaga eta
Bernaola izan ziren alebin mailako garaileak.
Nagusien mailan eta alebinetan aurrez aurre aurkitu ziren eskualdeko bi taldeak eta bakoitzak garaipen bat eraman zuen etxera: nagusietan Markina-Xemeinek irabazi zuen eta alebinetan Leak.
Durangaldeko Eskupilota Txapelketa amaituta, Bizkaiko Txapelketa jokatzeko aukera izango dute finalean egon diren eskola mailako bikote guztiek. Horrela, zonalde bakoitzeko bikote indartsuenekin jokatuko dute aste batzuk barru hasiko den norgehiagoka.