Eskura prozesuaren berri eman, eta zein pauso emango diren hausnartu dute
Herritarrei datozen hilabeteetan antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzeko eta herriko taldeko kide egiteko eskaria luzatu du Aulestiko Gure Esku Dago ekimenakGure Esku Dagoren deiagaz bat eginda, Eskura prozesua zer den azaldu zuten Aulestin, joan...
Herritarrei datozen hilabeteetan antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzeko eta herriko taldeko kide egiteko eskaria luzatu du Aulestiko Gure Esku Dago ekimenak
Gure Esku Dagoren deiagaz bat eginda, Eskura prozesua zer den azaldu zuten Aulestin, joan den asteburuan. Eta horri lotuta, Aulestin hemendik aurrera zer eta zelan egin nahi duten zehazten hasi ziren.Bidelagunak eta konpromisoak batzeak daukan garrantziaren jakitun, herritarrei datozen hilabeteetan antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzeko eta herriko taldeko kide egiteko eskaria luzatu zuten. «Euskal Herrian dauden saretu kopuruaren %10 Lea-Artibaikoak dira; %30,59 dira Aulestin saretuta daudenak», nabarmendu zuten, herritarren inplikazioaren adierazgarri. Euskal Herriko datuei erreperatuta, Larraul (%53,64), Orozko (%35,56), Aretxabaleta (%35,05) eta Altzo (%31,30) dira Aulestik baino saretu gehiago dituzten herri bakarrak.
Egitekoak diren herri galdeketak ere mintzagai izan zituzten; hori da, hain zuzen ere, 2013an Gure Esku Dagok abiatutako bideak daukan helmuga. «2018a helmuga eta helburu modura jartzen da; dena dela, 2018a ez da helburu itxi bat. Galdeketa hori Aulestin zein markotan eta noiz egin nahi dugun erabaki beharko dugu, zein olatu hartu nahi dugun erabaki beharko dugu». Eta gogoratu dute ekainean Ispasterren eta beste herri batzuetan galdeketak egingo direla aprobetxatuz, Adierazpen Eguna egingo dela Euskal Herri mailan, ekainaren 4an eta 5ean.
Ondarroan ere bai
Azkenik, herritarrei babes ekonomikoa emateko eskaria egin zieten; «halako prozesu batean finantzaketa ezinbestekoa delako». Ekarpenak egiteko aukeren artean, bazkidetzak daudela gogora eragin zuten. «Aulestik bazkidetzaren bidez 2.934 euro lortzeko erronka edukiko du». Gure Esku Dagoren webgunearen bidez egin ahal dira bazkidetza horiek.
Gaiagaz lotuta, Ondarroako Gure Esku Dago herri ekimenak batzar irekia egingo du gaur, 19:00etan, Kofradia Zaharrean. Besteak beste, Eskura prozesua aurkeztuko dute jendaurrean, eta hori azaltzera, herrialde mailako ordezkari bat etorriko da Ondarroara.
Prozesu berria aurkezteaz gain, urteko agenda zein izango den eta bazkide kanpaina berria ere ezagutara emango dituzte.