Euli izurriteak Mutrikuko Olatz auzoan eragiten dituen
arazoei irtenbidea eman nahian jarraitzen dute. Hala, aurreko barikuan [urtarrilak 29], hainbat agente biltzen dituen mahaiaren bigarren bilera egin zen
Gipuzkoako Foru Aldundian. Mutrikuko udal ordezkariek jakitera eman dutenez, bileren helbura, hain zuzen ere,
udaberriko beroak hasi aurretik euliekin dagoen arazo larria bideratzen hastea da.
Bertan, bisoi haztegiko ordezkariak, Olatz auzoko hainbat bizilagun, Joxe Angel Lizardi
Mutrikuko alkatea,
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailetako eta Aldundiko Landa Garapenerako teknikariak eta departamenduko zuzendaria bildu ziren.
Olazko auzotarrak protestan, euliekin
Abenduan egindako lehen bileran bisoi haztegiak egin beharreko moldaketa batzuk proposatu baziren ere, horiek bete ez direla kexu dira auzotarrak eta udal ordezkariak. “Abuztuaren amaieran bi hilabeteko epean proiektu berri bat aurkeztu behar zuela eskatu zitzaion enpresari, eta mahaiak egindako lehen bileran ere, jarduera lizentzia gaur egun duen azalerara egokitu behar duela ere argi utzi zitzaion. Horrekin batera, eulien sorburua den hondakin organikoen pilaketa izugarriaren eta jarduera eremuaren garbiketaren kudeaketa plan eraginkor bat ere aurkeztu behar zutela ere argi utzi genion”.
Lehen bilera hartatik ia bi hilabete igaro baldin badira ere,
bisoi haztegiak proiekturik eta hondakinen kudeaketa planik ez duela aurkeztu nabarmendu dute kaltetuek. “Alkateak eta auzoko ordezkariek esan diogu ez gaudela horrela jarraitzeko, eta, beraz, has dadila berehala eskatu zaion plana prestatzen. Egoera ikusita, garbi utzi dio alkateak enpresari, egiaz aztertzen ari direla jarduera lizentzia bertan behera uzteko aukera, eta ez dutela berriz onartuko iazko udan bizi izandako euli arazo jasanezina. Arazoa bideratu ezean, udala azkeneraino heltzeko prest dago”.
Mutrikuko Olatz auzoan dagoen bisoi haztegia
Enpresari, hortaz,
hamar egun naturaleko epea jarri zaio garbiketa plan eraginkor bat aldundian aurkeztu, eta bertako teknikariek zuzenketak egin ondoren ahalik eta azkarren abian jartzeko. Aldundiko teknikariek egingo dute planaren jarraipen zehatza, enpresa neurriak betetzen ari den ala ez egiaztatzeko.