Joan den asteburuan banatu zituzten Sabino Arana Sariak Bilboko Arriaga Antzokian. 27. urtez,
“gogoa, balioak eta merezimenduak” aintzatetsi zituzten egun horretan. Dagoeneko, 148 pertsonek, erakundek eta ekimenek jaso dute sari hori. Oraingoan, Lea-Artibaira ere ailegatu da; John Garamendi AEBetako Kongresuko kide demokrata eusko-kaliforniarrari emandako sariagaz.
Sabino Arana sariak 2015 jaso zituztenak. Argazkia: Irekia/ Eusko Jaurlaritza
Hain zuzen, “AEBn eta mundu osoan euskal nortasuna bizirik mantentzeko egindako lanagatik” saritu zuten
Ispaster eta Ondarroako euskaldunen ondorengoa dena. Gaur egun, jaioterriko herrialdeko gobernu-organo gorenetako ordezkaria da Garamendi.
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentearen arabera, “euskal jatorrizko estatubatuar eta
euskal komunitateak Estatu Batuetan duen aliaturik onenetarikoa” da Garamendi. Hala, aurrerantzean ere, Washingtonen “euskaldunen enbaxadorearen” lana egiten jarrai dezan animatu du Ortuzarrek jatorriz Lea-Artibaikoa den estatubatuarra.
Leopoldo Zugaza kultura-eragileak, CEAR-Euskadik (Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin), Velatia industria eta teknologia taldeak, Maialen Chourraut arraunlari gipuzkoarrak eta Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak ere jaso zuten Sabino Arana saria.