Eraikin bat, milaka istorioren gotorleku
Ziortza-Bolibarko herrigunean kokatuta, garai baten udaletxea izan zen eraikina inoiz baino isilago geratu da; Txirtu familiak urte askoan kudeatutako taberna hutsik geratu da orain, esperoan.Ziortza-Bolibarko herrigunean dago kokatuta, Bolivartarren j...
Ziortza-Bolibarko herrigunean kokatuta, garai baten udaletxea izan zen eraikina inoiz baino isilago geratu da; Txirtu familiak urte askoan kudeatutako taberna hutsik geratu da orain, esperoan.
Ziortza-Bolibarko herrigunean dago kokatuta, Bolivartarren jauregiaren ondoan eta elizatik hurbil. Bertan, gainera, herriak desanexioa lortu zueneko plaka dago jarrita: herriko udaletxearen eraikin zaharra da.Honela dio plakak: Herritar guztien ametsa zen eta egia bihurtzea lortu genuen (…). Ziortza-Bolibar udalerria burujabe izateko Markina-Xemeindik banatzea onartu zen. Eskerrak udalaren partez herritar guztioi, denok bat eginda lortu genuelako gure askatasuna.
Elizate gehienetan egin modura, Ziortza-Bolibarren ere elizako atarian egiten ziren garai baten udalaren batzarrak. Geroago, Etxebarrikua izeneko etxearen aretoan eta upategian hasi ziren egiten. Hortik, Kontzejuaren etxea izena.
Udaletxea eraikitzen
XIX. mendean, baina, Ziortza-Bolibarrek zegokion udaletxea eraiki zuen, neoklasiko estiloan. Horren proiektua Rafael Zabala Elorrioko artikektoak egin zuen. Zurgintza eta hargintza lanak, ostera, Jose Antonio Urionabarrenetxea Ziortzako elizateko bizilagunak egin zituen, eta igeltsero lanak Markina-Xemeingo Jose Antonio Barrenetxeak.
Udaletxea 1969. urtera arte egon zen erakin horretan, Ziortza-Bolibar Markina-Xemeinegaz anexionatu zen arte. Gero, hutsik geratu zen.
Desanexioa lortu eta hurrengo urtean, 2005ean, Venezuelako gobernuak 1956ean oparitutako eta mutilen eskola izandako eraikinean kokatu zen udaletxea, plazako eraikin enblematikoa bigarren planoan utziz.
Taberna, hutsik
Gaur egun, beraz, eraikinaren egunerokotasuna ez da garai baten bizitakoaren modukoa. Egun, isiltasunak inguratzen du, duela hilabete batzuk baino are isilago. Izan ere, azken urteetan Arkupe tabernak eman dio eraikinari bizitasuna. Orain, baina, Txirtu familiak urte askoan kudeatutako taberna ere hutsik geratu da.
Orain, isiltasuna da nagusi bertan. Eta horrela jarraituko du, baten batek tabernaren ardura hartu bitartean. Izan ere, taberna beste kudeatzaile batzuen esku geratzeko eskuak zabalik dago, esperoan. Interesa duenak, beraz, taberna hartu eta eraikinari azken urtetako bizitasuna eman ahalko dio.