Euskal Herria abian, presoak etxera lelopean, euskal preso politikoak dituzten Espainiako eta Portugalgo
espetxe guztietara martxak antolatu ditu ezker abertzaleak,
hilaren 20rako. Eskualde bakoitzetik espetxe jakin batera joango dira, eta bidaia hori egiteko autobusak jarriko dituzte.
Lea-Artibaiko bizilagunak Alcala-Mecora joango dira, eta mutrikuarrak Madrilgo horretara edo Logroñokora.
Joan den azaroan martxan jarritako
Abian prozesuaren baitan antolatu dituzte martxok. Parte hartze ahalik eta handiena dute helburu, eta, horretarako, militante oro ahaldundu eta eztabaidarako aktibo bilakatu dute. Bi fasetako prozesua da; lehenengoa entzute eta harreman fasea izan da, eta bukatutzat eman dute jada, hainbat ekarpen eta iritzi herriz herri jaso ostean. Bigarrena, ostera, eztabaida fasea izango da.
Zutik Euskal Herria ebazpenetik hona jasotako balantzea, egungo egoeraren analisia, etorkizunera begirako estrategia, behar duten antolakuntza eta militantzia ereduaren inguruan jasotako iritzi eta ekarpenak biltzen dituen txosten bat egin dute, eta orain txosten hori euskal preso politikoak dauden espetxeetara eraman nahi dute.
Ibon Iparragirre ondarrutarraren etxeratzea eskatzeko elkartasun martxa, irudian
Izan ere,
helburua “preso, iheslari eta deportatuek Abian prozesuan askatasun guztiz parte hartzeko eskubidea izan dezaten aldarrikatzea da”. Beraien ekarpena “ezinbestekoa” baita hausnartze eta eztabaida prozesu horretarako. Era berean, martxa horien bitartez, dispertsio eta sakabanaketak eragindako baldintzak ere salatu nahi dituzte.
Gauzak horrela, Euskal Herriko herri ezberdinetatik autobusak aterako dira hilaren 20an espetxeetarako bidean. Lea-Artibaitik, Madrilgo Alcala-Mecora joango dira, eta Lekeitiotik, Markina-Xemeindik eta Ondarroatik irtengo dira autobusak. Gainontzeko herrietakoak Markina-Xemeinera bideratuko dituzte. Mutrikukoek, aldiz, Lea-Artibaikoekin Madrilera zein Debabarrenekoekin Logroñora joan ahalko dute.
Autobusen ordainketa egiteko
bono-laguntzak (10 eurotan) atera dituzte, bidaia debalde edo ahalik eta merkeen ateratzeko. Herrian jarri dituzten zerrendetan eman beharko dute izena bidaia egin nahi dutenek, gutxi gorabehera, hilaren 17a orduko.
Logroñora:
- Mutriku. Debabarreneko herritarrekin batera, Logroñoko espetxera aterako da autobusa, 08:00etan. Zubixan eman behar da izena.
Alcala-Mecora:
- Lekeitio. 04:00etan irtengo du autobusak, Mandaskatik. Izena Zuluan eta Galarrenan eman behar da.
- Markina-Xemein. 04:15ean aterako da autobusa, geltokitik. Autobuserako izena txokoan eman behar da.
- Ondarroa. 04:00etan aterako da autobusa, Zaldupetik. Kulixkan eta Anaitasunan eman behar da izena.
- Mutriku. Lea-Artibaiko herriekin batera, Alcala-Mecora joan ahalko dira Mutrikoak.