Jon Goenaga Mutrikuko puntista gazteari agur ekitaldia egin zioten herritarrek zapatuan [otsailak 13] Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Danok Bat pelotazale elkarteko kideek nabarmendu dutenez, Goenagari egindako
omenaldia “merezitakoa, polita eta hunkigarria” izan zen.
Danok Bateko jokalaria Ameriketako Estatu Batuetako Miamiko frontoian hasiko da laister jokatzen, eta joan aurretik agur ekitaldi beroa eskaini nahi izan diote bere ingurukoek. Miruaitz pilotalekua txiki geratu zen; omenaldian bere lagunak, kuadrillakoak, senideak eta orain arte taldekideak izan direnek ere parte hartu zuten. “Jai borobila izan zen, eta giro ezinhobea egon zen. Jendea pozik egon zen, eta hunkituta amaitu zuen”.
Aitor Andonegi, Jon Goenaga, Andoni Laloo eta Thibault Basque, partida hasi aurretik. Argazkia: Danok Bat
Ekitaldiaren hasieran txikienen arteko kinielak jokatu ziren. Benjamin, alebin eta txiki kategoriako zortzi bikotek nahastuta jokatu zituzten hainbat partida, eta ondoren, omenduak eta Aitor Andonegik osatutako bikoteak Iparraldeko Andoni Laloo eta Thibaut Basque 22 urtez azpiko munduko txapeldunen aurkako partida jokatu zuten.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, oso
partida estua eta gogorra izan zen. Etxeko bikotea galtzen hasi bazen ere, konfiantza berreskuratu eta aldeko hainbat tanto lortu eta gero,
30-28 irabaztea lortu zuten.
Jon Goenaga Danok Bateko kideekin batera. Argazkia: Danok Bat
Azkenik, txalo zaparrada artean omenaldia egin zioten Goenagari. Hainbat opari eta oroigarri jaso zituen puntista gazteak, eta “pozik eta hunkituta” agertu zen. Zapatu gaueko momenturik hunkigarriena, beharbada, bere kuadrillakoen eskutik etorri zen. Kuadrillakoek hainbat argazkitan bere biziaren errepasoa egiten zuen proiekzioa prestatu zuten.
Jon Goenagari omenaldia. Argazkia: Danok Bat.