Kazetaritza eta Arte Eszenikoak ikasi zituen Ainhoa Etxebarria ondarrutarrak, batera. Gaur egun, beraz, kazetaria eta aktorea da. Eta hara non, Etxebarriak bi esparruetan lan egiten duela. Euskadi Gazteako Akabo bakea saioko ahotsetako bat izateaz gain, antzerki munduan Euskal Herrian existitu den lehendabiziko Gazte Konpainiako kidea ere bada. Orain, gainera, Gazte Konpainia hori Romeo y Julieta obra ari da egiten, Bilboko Pabellon 6 arte eszenikoen gunean.
Gazte Konpainiako kideak, Etxebarria tartean –goian, eskuman–. Argazkia: Pabellon 6
Obra horretan nola parte hartu duen ere azaldu du Etxebarriak. “Udan bi casting egin zituzten eta ni aurkeztu egin nintzen, eta talde horretako kide izateko aukeratu ninduten. Talde horrek, hain justu, artista gazteen laneratzea bultzatu nahi du. Izan ere, aktoreok, lan egiten dugun heinean, egindakoagatik kobratu ere egin behar dugu; aktore izatea lana da, eta hori baloratu egin behar da”.
Romeo y Julieta obran
“gustura eta pozik” dagoela dio. “Zaila izaten da aktore moduan baloratuta dagoen lan bat aurkitzea; aktore lana oso desegonkorra izaten da. Orain, talde honetan sartuta, sei hilabeteko kontratua lortu dut; zorte handia eduki dut”.
“Bizitza, antzerki hutsa”
Kazetaritzaren eta antzerkiaren artean pisu gehien zeinek hartzen dion galdetzerakoan, ondarrutarrak argi dauka. “Antzerkiak esparru handiagoa hartzen du. Azken finean, niretzako bizitza antzerki hutsa da. Kazetaritzan ere, modu batera esateko, jendearekin komunikatzeko, antzerkiaz baliatzen da”.
Etxebarria, ‘Romeo y Julieta’ antzezten. Argazkia: Pabellon 6
Ekintzailea da oso ondarrutarra, geldirik egon ezin den horietakoa. “Ez zait gustatzen geldirik egotea. Eguneko orduak beteta edukitza gustatzen zait. Orain, goizak libre ditut eta kiroldegian izena eman dut”.
Ez da estreinako aldia Etxebarria oholtza gainean ikusten dena. Izan ere, besteak beste,
Ondarroako Tramana&Brix antzerki taldeko kidea ere bada.
Urtarrilean hasi ziren
Romeo y Julieta antzezlanaren emanaldiak eskaintzen, eta
martxora arte herritarrek obra ikusteko aukera daukate.
Ekoizpen horretan, gainera, ondarrutarrak Ramon Barea (zuzendaria) eta Itziar Lazkano (zuzendari laguntzailea) ditu gidari.
Barearekin lan egitea ikaragarria dela dio. “Barea 17 urte zituenetik dabil antzerki munduan. Antzerki eskolak ez zeudenean hasi zen lanean. Aktore gutxik lortu dutena lortu du berak: antzerkitik bizitzea». Gainera, pazientzia handikoa dela dio. «Zuzendaria da, baina irakaslea ere bai. Aktoreoi lana errazten digu; askatasuna ematen digu”.
Estreinaldia
Publikoari dagokionez, orain arte, kritika onak jaso dituztela dio. “Gazte talde bat garenez (25 urtetik beherakoak gara guztiok), uste zuten antzerki amateur bat izango zela, baina profesionala dela esan dute”.
Izatez, Romeo y Julieta obraren testua oso klasikoa bada ere, Pabellon 6en ikusgai dagoen obra Barearen egokitzapen bat da, gaur egungo publikoari egokituta. “Jendeari ulertzeko moduan aurkezten diogu istorioa”.
Estreinaldia
“zirraragarria” izan zela dio ondarrutarrak. Eta hortik aurrerako saioak ere ondo joan direla eta, pozik dago. “Egun gehienetan publiko asko eduki dugu. Orain arte ez dugu eduki publiko gutxi egon den egunik”.
Romeo y Julieta, baina, ez da Gazte Konpainiaren lehenengo eta azken lana izango. “Orain Romeo y Julieta antzezlana sortu badute ere, talde horrek datozen urteetan ere jarraipena edukitzea nahi dugu”, azaldu dute Pabellon 6-en ordezkariek.
Etxebarriagaz batera, beste zortzi aktorek kontatzen dute Romeo eta Julietaren arteko maitasun istorioa. Aktore batzuk, Etxebarria tarteko, Euskal Herriko antzerki talde ezberdinetako kideak badira ere, beste batzuk estreinako ari dira aktore lanetan.
‘Romeo y Julieta’
- Otsailak 21 eta 28: 19:00etan.
- Otsailak 20, 26 eta 27: 20:00etan.
- Martxoak 4, 5, 11, 12, 18 eta 19: 20:00etan.
- Martxoak 6, 13 eta 20: 19:00etan.
- Sarrerak erreserbatzeko: telefonoz (639 766 720) edo Internetez (prezioa: 15 euro).
- Aktoreak: Ainhoa Etxebarria, Sara Barroeta, Iker Legarda, Ander Iruretagoiena, Ioritz Benito, Ainhoa Artetxe, Nerea Elizalde, Koldo Olabarri y Tania Fornieles.
- Zuzendaria: Ramon Barea.
- Zuzendari laguntzailea: Itziar Lazkano.
- Musika: Adrian Garcia de los Ojos.
Gazte Konpainiako kideak, Etxebarria tartean –zutik, ezkerretik hirugarrena–. Argazkia: Pabellon 6