Hegoamerikako El Cruce lasterketa irabazi du Oihana Kortazarrek
Lasterketako hiru etapak nagusitasun osoz irabazi ditu. Guztira, 10:03:50 behar izan du proba amaitzeko. Lortutako emaitzarekin pozik dagoela nabarmendu du mutrikuarrakOihana Kortazar korrikalari mutrikuarrak nagusitasun osoz irabazi du XV. El Cruce Co...
Lasterketako hiru etapak nagusitasun osoz irabazi ditu. Guztira, 10:03:50 behar izan du proba amaitzeko. Lortutako emaitzarekin pozik dagoela nabarmendu du mutrikuarrak
Oihana Kortazar korrikalari mutrikuarrak nagusitasun osoz irabazi du XV. El Cruce Columbia lasterketa. Hegoamerikako lasterketarik ezagunena eta garrantzitsuena hiru etapetan jokatu zen, eta hiruretan lehen postua lortu zuen mutrikuarrak.100 kilometro baino gehiago egin behar izan ditu, eta horretarako, 10:03:50 behar izan zuen. Podiumean atzetik Leticia Saltori (10:22:05) eta Luciana Urioste (10:47:48) izan zituen, hurrenez hurren.
Azken garaipenarekin denboraldia modu ezinhobean estreinatzeaz gain, El Cruce lasterketako titulua bigarrenez irabaztea lortu du. Hain zuzen ere, 2013an ere berak irabazi zuen proba. Lortutako emaitza onarekin pozik dagoela nabarmendu du korrikalari mutrikuarrak, eta proban izandako sentsazioekin gustura geratu da.
Salomon Ettix taldeko kidea bikain aritu zen, eta etapaz etapa garaipenak bata bestearen atzetik metatzea lortu zuen.
Erritmo bizia
Jokatu ziren hiru etapen artean luzeena lehenengoa izan zen. 40 kilometroko luzera, eta 3.367 metroko desnibel metatua gainditu behar izan zuten parte hartzaileek. Kortazarrek nagusitasun osoz irabazi zuen lehen etapa, eta horretarako, 02:46:12 behar izan zituen, Leticia Saltori bigarren sailkatua baino zortzi minutu gutxiago.
Kortazarren iritziz, lehen etapa «gogorra» izan zen, «azkarra eta korrika asko» egitekoa zelako. Lehen kilometroetan erritmoa hartzea kostatu zitzaion, izan ere ibilbidean hondar asko zegoen, baina aurrera egin ahala, erritmo «erosoa» ezartzea lortu zuen.
Bigarren etapan, ostera, 33 kilometro eta 1.995 metroko desnibel metatua gainditu behar izan zuten. Ez zen oso etapa teknikoa izan, eta korrika oso azkar egiteko zati asko izan zituen. Kortazarrek hasieratik erritmo bizia ezarri zuen, proba 02:46:12 denborarekin amaituz.
Lasterketako azken probari dagokionez, teknikoena izan zen, desnibel gehiagorekin eta aldapa handiekin. 30 kilometroko ibilbidean, lehendabizi, 15 kilometroko igoera izan zuten, eta ostean, beste hainbesteko jaitsiera. Guztira, 4.624 metroko desnibel metatua gainditu behar izan zuten. Kortazar ondo baino hobeto aritu zen, eta 03:32:32 behar izan zituen proba amaitzeko.