2016. urteko berdel kanpaina ofizialki astelehenean [otsailak 15] hasi bazen ere, baxurako
arrantzaleek oraindik ez dute berdelik aurkitu. Aurten, gainera,
Europar Batasunak nabarmen jaitsi du kuota; zehatz esanda, iaz baino
%15 gutxiago harrapatu ahal izango da.
‘Kalamua bi’ ontziko arrantzaleak, iaz, berdela deskargatzen Ondarroan
Guztira,
9.000 tona inguruko kuota ezarri du Bruselak. Horren harira, eta kuota nabarmen jaitsi denez, arrantzaleek
denboraldia nabarmen motzagoa izango dela aurreikusten dute.
Bestalde, Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunen ustez, kanpaina ez da
otsailaren amaiera edo martxoaren hasierara arte hasiko. Kantauri itsasoan arrantzan egiten duten ontzien gehiengoa, esaterako, berdeleta hasi arte geldirik dago portuetan, azken prestaketa lanak egiten; egunotan, hamabi ontzi baino ez dabiltza arrantza kostaldean. “Arrantzaleek esan digutenaren arabera, datorren astean Getariarrek berdeletara joateko asmoa dute, baina arraina agertzen den edo ez, ikusi beharko da. Gure ustez, martxoa hasiera arte ez da berdel kanpaina hasiko”.
Baxurako ontziak, gaur, Ondarroako portuan lotuta
Asteko arrain salmentari dagokionez, ostera, itsaso txarra dela eta,
arrain gutxi saldu da egunotan. Kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, atzo [otsailak 17] eta gaur [otsailak 18] egin da benta bakarrik, eta ez da ezer aipagarririk saldu.
Atzo, esate baterako, 500 kaxa sardina saldu ziren, eta gaur, ostera, beste 2.500 kaxa saldu dira. Prezioari dagokionez, atzo zer edo zer garestiago saldu zen sardina; kiloa, 1,60 eta 1,20 euro bitartean. Gaur, aldiz, euroaren bueltan saldu da kiloa.