Europako Geoparkeen biltzarra hartuko du euskal kostaldeak
Martxoaren 16tik 19ra Itziarren bilduko dira Unescoren eta Europako 69 geoparkeetako ordezkariak. Parte hartzaileek hainbat irteera egingo dituzte, tartean MutrikuraEuropako Geoparkeen Sareak 37. biltzarra egingo du martxoaren 16tik 19ra Euskal Kostald...
Martxoaren 16tik 19ra Itziarren bilduko dira Unescoren eta Europako 69 geoparkeetako ordezkariak. Parte hartzaileek hainbat irteera egingo dituzte, tartean Mutrikura
Europako Geoparkeen Sareak 37. biltzarra egingo du martxoaren 16tik 19ra Euskal Kostaldeko Geoparkean. Biltzar hori, hain justu, «berezia eta garrantzitsua» izango dela esan dute Euskal Kostaldeko Geoparkearen ordezkariek eta albistea «pozez» jaso dutela gaineratu dute. «Bilera berton egitea aukera handia da; Euskal Geoparkea gaztea da eta hitzordu honek mundu mailan ezagutara emateko aukera suposatzen du», dio Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzaileak.Bilera horretan parte hartuko dute Europako 23 herrialdetan dauden geoparkeetako 69 ordezkarik eta Unescoren 130 ordezkarik. «Geoparkeen Sareak urtean bi barne bilera egiten ditu: martxoan bat eta urte bukaeran beste bat. Batzar horietan, aurreko hilabeteetan egindako jardueren inguruan hitz egin eta aurrera begira egin beharrekoetaz hausnartu eta eztabaidatzen da», gaineratu dute Euskal Kostaldeko Geoparkearen beste ordezkari batzuk.
Biltzarra Euskal Kostaldean egitea pozgarria dela diote. «Geoparke guztiek biltzarra euren herrialdean egiteko hautagaitzak aurkezten dituzte. Guk, aurten Donostia Europako Kultura Hiriburu dela aprobetxatuz, aukera ona zela pentsatu genuen eta hautagaitza aurkeztu genuen. Eta hara non, baiezkoa eman digutela».
Bileraren berezitasuna
Martxoan egingo den bilera hau, gainera, «berezia» dela diote. «Unescoren Munduko Geoparkeak izendapena lortu eta gero egiten den lehenengo bilera izango da. Horregatik, orain arteko bilerak baino zer edo zer bereziagoa izango da».
Europako Geoparkeen Sareak Unescoren izendapen hori bereganatzea helburu bezala zeukala azaldu dute. «Beraz, bileran, Unescoren ordezkariak ere aurrean egongo direla aprobetxatuz, lorpen horren inguruko aipamenak ere egingo dira».
Mutrikura irteera
Martxoko bilera Itziarren (Deba) egingo bada ere, bateko eta besteko ordezkariek euskal kostaldeko hainbat gune ezagutu ere egingo dituzte. «Bilera lan bilerak izaten dira; ordezkariak goizez eta arratsaldez bilduta egoten dira. Dena dela, ingurua ezagutzeko hainbat irteera ere egingo dituzte».
Hautagaitza Donostia 2016 Europako Kultur Hiruburu egitasmoarekin lotuta aurkeztu zutenez, martxoaren 17an biltzarrean parte hartuko duten kide guztiek Donostia bisitatuko dute. «Horrez gain, Mutrikura ere irteera egingo dute eta herria bertatik bertara ezagutuko dute».
Irteera horiek, gainera, Geoparkea osatzen duten herrientzako (Mutriku, Deba eta Zumaia) «onura ekonomikoa» suposatuko dutela gaineratu du Barriusok.
Beraz, batzartuta egoteaz gain, lau egunetan, beste hainbat ekintza ere egingo dituzte. Dena dela, Europako Geoparkeen Sarearen 37. Biltzarrak iraungo dituen lau egun horietako egitaraua datozen asteetan zehaztuko eta zabalduko dutela jakitera eman dute Euskal Kostaldeko Geoparkearen ordezkariek.