Mundukide Fundazioak bere lanaren argazki erakusketa jarriko du ikusgai zapatutik [otsailak 20] otsailaren 27ra Uhagon kulturguneko erakusketa gelan. Miren Amuriza bertsolariak bertso eta ipuinekin jantziko du, gainera, Mundukideren 15. urteurrenaren harira antolatutako ekimena.
Kapulana bat zabalduz emango dio hasiera Amurizak, Uhagonen jarriko duten erakusketari. “Kapulanak, Mozanbikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituztenak. Hain dira erabilera anitzekoak, ezen edozer aurki baitaiteke zapi handion estalpean”, azaldu dute.
Kapulana bat zintzilik ekitaldiaren aurkezpena. Argazkia: Mundukide
Kapulanan gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako ditu bertsolariak, Mozambikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino. Tarte horretan, kooperazioaz, nekazaritzaz, haurtzaroaz edota hizkuntzaz arituko da, Eider Eibarren ilustrazioak lagun hartuta; hala bertsoz, nola ipuinez. “Ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txikiz eta galdera handiz josiriko kontakizuna baizik. Hala nahi duenarentzat, bere gogoetak eskegitzeko oihal zabala”, azaldu du bertsolariak.
20:00etan jarri dute ordua emanaldiagaz hasteko.
Mundukide
Mundukidek Mozambiken egiten duen lanaren berri badaukate, aurretik ere, markina-xemeindarrek. Izan ere, Markina-Xemeingo Mundu Zabal gobernuz kanpoko erakundeak urte asko darama Mundukide gobernuz kanpoko erakundeari laguntzen. Erakundeak bultzatzen dituen proiektueterako diru-laguntza ematen du Markina-Xemeingo erakundeak. Horretarako, elkartasun denda bat antolatzen du urtero, Gabonetan.
Mozambikeko Marrupa eskualdeko garapen sozio-ekonomikoa bultzatzeko abian duen proiektua lagundu du Mundu Zabalek bai eta errepideak birgaitzeko eta Bigarren Hezkuntzako eskola bat berriztatzeko aurrera eramandako ekimenak ere.