Sasoiko dagoela erakusten dabil azkenaldian Nahia Quincoces Altuna eskiatzaile mendexarra. Espainiako eta Europako txapelketetan maila ona erakutsi ostean, Munduko Kopan ere bere onena ematen ari da. Italiako Alpago eskualdean da egunotan mendexarra,
33. Transcavallo Munduko Kopako proban parte hartzen.
Nesken podiuma: Quincocesek bigarren egin du.
Bakarkako lanean aritu behar izan dira gaur probako parte hartzaikeak, eta Quincoces ondo baino hobeto moldatu da behar horretan. Europako txapeldun Laetitia Roux frantziarraren atzetik sailkatuta, bigarren postua eskuratu du Lea-Artibaiko eskiatzaileak. “Oso pozik nago. Sekulako ilusioa egin dit garaipen honek. Izan ere, Munduko Kopan banakako proban lortzen dudan lehen podiuma da”.
2:00:09ko denbora behar izan du irabazleak proba bukatzeko, eta
bost minutura iritsi di helmugara Nahia Quincoces; hain zuzen, 2:05:45eko denboraren barruan. Oso gertu izan du bertokoak hirugarren sailkatua (Jennifer Fiechter); izan ere, bederatzi segundotara ailegatu da.
Parte hartzaileak irteeratik irtetzen. Argazkia: ISMF
Emaitza horiekin “oso pozik” agertu da Mendexako kirolaria. Elur-jausien arriskua zegoela-eta,
mendian ibilbide alternatibo bat egin behar izan dutela azaldu du. Hiru igoera egin behar izan dituzte, eta, gerora, lehenengoa berriz ere igo behar izan dute.
Dioenez, mendiko igoera zein jaitsierak bere alde izan ditu. Ibilbidean zehar, gainontzeko zenbait parte hartzaileekin borrokatu behar izan du, baina, azkenean ere, bigarren postua bermatzea lortu du. “Elur jauzi arriskua zegoela eta, ibilbidea aldatu egin behar izan zuten. Baso batean ibili ginen zuhaitz artean, eta horrek mesede egin zidala ere uste dut. Korrikako hiru zati izan genituen, eta azken zatian, esprintean, erdi batera gindoazen besteak aurreratzea lortu nuen, bigarren helmugaratuz”.
Orain arte egindako lana, beraz, badirudi bere fruituak ematen ari dela. Ildo horretatik jarraitu beharko du mendexarrak, hurrengo probetan ere emaitza berberak lortu nahi baditu, behintzat.