Domeka goizean lehiatu zuen Tximista taldeko Aiora Agirregomezkortak Espainiako Kros Txapelketa. Euskadiko Selekzioagaz parte hartu zuen proban Markina-Xemeingo atletak eta emaitza onagaz itzuli da etxera.
3.000 metroko ibilbidea egin zuten atletek, 1.500 metroko distantzia zuen zirkuitoari bi itzuli, eta 11 minutu eta 34 segundu behar izan zituen Tximistako atletak helmugara heltzeko. Bakarka
69. postua eskuratu zuen eta taldeka, Euskadiko Selekzioagaz,
10.a. Taldekoan lehenengo lau gazteek puntuatzen zuten eta Agirregomezkorta euskadiko nesken artean
4.a izan zen; postu garrantzitsua talderako.
Aiora Agirregomezkorta Espainiako Kros Txapelketan parte hartzen. Argazkia: Tximista
Lokatza eta eguraldi gogorra espero zituzten, baina guztiz kontrakoa gertatu zen. Eguzkia, temperatura epela eta zirkuituan lokatz arrastorik ez. Beraz lasterketa oso
bizkorra eta garbia izan zela jakitera eman dute Lekeitioko Tximista atletismo taldekoek. “Karrerako lehen zatia bikain egin zuen, eta lehen itzulian lehenbiziko postuetan ibili zen. Metroak aurrera egin ahala indarrak pixkat behera egin zioten, baina gogor eutsi zion helmugara heldu arte”, azaldu dute.
Tximistakoek nabarmendu dutenez, lehendabiziko txapelketa handia izan da Aiora Agirregomezkortarentzat eta gauza berriak ikasi ditu lasterketari dagokionez. “Lana behar bezala eginda bueltatu da markina-xemeindarra”.
Neguko denboraldia amaituta, orain,
udako denboraldiari begira prestatzen hasiko da, eta helburu nagusia uztailean ospatuko den Pistako Espainiako txapelketa izango dela aurreratu dute Tximistako arduradunek. “Beraz lanean jarraitzeko animatu eta zorionak eman nahi dizkiogu”.