Lekeitioko Udalak 2016ko aurrekontuak aurkeztuko dizkie herritarrei
Herritarren ekarpenak jaso ostean, 2016ko Udal aurrekontuen aurkezpena egingo du Lekeitioko Udalak datorren astelehenean [otsailak 29], 18:30ean, Kultur Etxeko Azkue Aretoan izango den batzar irekian. Udalak aurrekontuen eta jasotako ekarpenen berri emango den batzarrera etortzeko deia egin diete herritarrei. Aurreratu dutenez, 2016ko Udal Aurrekontuak martxoaren 2an egingo den Osoko Bilkuran aurkeztuko dira onartuak izan daitezen.
Urtarrilaren amaieran 2016ko aurrekontuen proposamena ezagutzera eman zien Lekeitioko Udalak herritarrei. Proposamena Udaletik aldizkariaren bitartez zabaldu zuten etxerik etxe, eta sare sozialetan eta udalaren web orrialdean zintzilikatuta egon da. Horrez gain, udal eraikinetan ere proposamena eskuragarri egon da.
Aurrekontuaren proposamena eskura izanda, otsailaren 7ra arte, aurrekontu proposamenari ekarpenak egiteko aukera izan dute herritarrek, hainbat bitartekoren bitartez. Horrela, udalak jakitera eman duenez, WhatsApp bidez 7 herritar jarri dira udaletxearekin harremanetan, helbide elektronikoz 8 herritar, eta postontzietan banatu zuten aldizkarian txertatu zen ekarpen orria 5 herritarrek aurkeztu dute udaletxean.
Beraz, guztira, 20 herritarrek egin dituzte ekarpenak. “Lekeitioko Udalak herritar hauei eskerrak eman dizkie parte hartzeagatik eta euren ekarpenen inguruan erantzuna eman zaie”. Udalak jakitera eman duenez, ekarpen batzuk aintzat hartu dira, epe labur eta ertainean egitekotan. Beste batzuk, ostera, ez dira lehentasunezkoak ikusi eta horren zergatia azaldu diete.