Astelehenean Bilbon hasitako Zinegoak jaialdia otsailaren 29an bukatuko da; hala ere, hainbatek egindako lanari esker, Euskal Herriko hainbat udalerritan izango du jarraipena; esaterako, Ondarroan.
Aitona Mantangorria filma
Zinegoak jaialdiaren helburu nagusia kalitateko zinema eskaini eta aretoak adin eta mota guztietako jendez betetzea da. Hori horrela, areto komertzialetara helduko ez diren filmak bildu ditu Bilbon egiten den gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren hamahirugarren edizioak.
Zinegoak Hedapenaren helburua Bilboko jaialdian aurkeztutako lanak udalerrietara zabaltzea da, «zailagoa zaielako lan horiek eskuratzea». Horregaz batera, aniztasunari eta kulturari lotutako ekintzak eskaintzea ere badu xede. Gauzak horrela, lan handia egin dute hedapen hori zabalagoa izate aldera, eta lortu egin dute. Izan ere, Euskal Herriko 30 bat udalerritan egongo da film laburrez, film luzeez, dokumentalez, ipuin kontalariez eta beste hainbatez gozatzeko aukera.
Ondarroan, esaterako, lehenengo aldia izango da Zinegoak jaialdia hartuko dutena. Zortzi lan ikusi ahalko dituzte, martxoaren 30 eta 31n, Beikozini aretoan. 19:30ean hasiko dira proiektatzen egun bi horietako lanak.
Lehenengo egunean honako lanak ikusi ahalko dira: Aitona Mantagorria; Semeak; De que lado me olhas; Garelako; Rebel Menopause eta Betty. Bigarrenean, berriz, honakoak: Je ne suis pas feministe, mais… eta A qui la faute?.