Euskal Kostaldeko Museoen Eguna ospatze aldera, programa zabal bat prestatu du Euskal Kostaldeko Museoen Sareak. Aurten, gainera, asteburu bakar batera mugatu barik, hilabete osorako jarduerak antolatu dituzte; martxorako, hain zuzen ere.
Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien laguntzarekin, Basquetourrek bultzatutako ekimena da. Sare horren baitan dauden bertoko museoek ere parte hartuko dute: Lekeitioko Itsas Ondare Zentroak eta Nautilus-Ikasgune Geologikoak.
Horiek guztiek, ateak irekitzeaz gain, beste hainbat jarduera antolatu dituzte; besteren artean, bisita gidatu bereziak, familientzako tailerrak eta umeentzako jokoak. Izan ere, hilabete osorako programa aurkeztu dute aurten.
Kostaldeko Museoen Sarearen baitan dauden museotako ordezkariak
Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, «hilabeteko programazioa prestatzea erabaki dugu, museoek eskaintza zabalagoa antolatzeko aukera izan dezaten, asteburu jakin baten egin beharrak aukera batzuk mugatzen baitzituen. Bestalde, jendeari egun eta leku gehiagotan aukera ezberdinez gozatzeko parada emateko asmoz ere egin da. Eta asteburu oro izango dute kostaldeko museoetan eta hauek dauden herrietan planak egiteko aukera, bai eta astegun batzuetan ere».
Sarea josten duen haria
Euskal Kostaldeko Altxorrak izeneko programaren helburua Bizkai, Araba eta Gipuzkoako kultur eta natur ondarea nabarmentzea eta sustatzea da. Gainera, ekimen bereziz osatutako programa bateratu batek ematen duen oihartzunari esker, Kostaldeko Museoen Sarea bera eta museo bakoitzak duen eskaintza ezagutarazi gura dutela diote.
Aurreko urteetan programa berezi horiek izan dituzten harreragatik galdetuta, «jendeak interes handiz eta atseginez bizitzen» dituztela diote: «Izan ere, ekintza bereziak izaten dira gehienetan, ohiz kanpokoak asko; eta gehientsuenak doan gainera, edo, bestela, deskontuekin».
Euskal Kostaldeko Altxorrak izenburua aukeratu dute museoen sarea josten duen hari bat delako: «Sarean hainbat arlo eta tematika lantzen duten museo, interpretazio zentro eta erakunde daude, baina guztiek helburu bera dute: ondare kulturalaren eta naturalaren altxorrak gorde, ikertu, babestu, eta, batik bat, ezagurataraztea. Kasu honetan, kostaldeko altxor historikoak, artistikoak, etnografikoak, naturalak, geologikoak … eman gura dira ezagutzera».
Gainera, euren herrietako edo inguruetako museoak ezagutzen ez dituzten bizilagun horientzako, programa honen eskaintza horietara hurbiltzeko «aitzakia on bat» izan daitekeela uste dute antolatzaileek.
2012. urtean jaio zen proiektua, euskal kostaldeko kultur ekipamenduen arteko lankidetza gune bat sortzeko. Euskal Kostaldeko Museoen Sareak museoak, interpretazio-zentroak eta bestelako instalazioak elkartzen ditu; ikuspegi ezberdinak izanagatik ere, ardatz nagusi bat daukatenak: kostaldea.
Sareak, gainera, bere txartel propioa du. Euskal kostaldeko kultur eta natur ondarearen eskaintzarik onenaz gozatzeko aukera emateaz gain, abantailak, opariak eta jarduera bereziak eskaintzen ditu. Doan eskuratu daiteke txartela, eta sarearen baitan dagoen edozein zentrotan aktiba daiteke.
EGITARAUA
Lekeitio. Itsas Ondare Zentroa.
– Martxoaren 5ean eta 12an, bisita gidatuak. Itsasargian dagoen igogailua ez dabil, eta, jakinarazi dutenez, 3 urte baino gutxiago dituzten umeak ezin dira bisita egitera sartu. Itsasargian, 11:30ean eta 13:00etan egingo dituzte bisitak. Dolarean, 16:00etan eta 16:30ean. Izena eman behar da. Prezioa: 1 euro.
Mutriku. Nautilus-Ikasgune Geologikoa.
– Martxoaren 27an, ate irekiak. Doan.
– Martxoaren 31n, 16:00etan, Bisita gidatua: Nautilus, Flysch-eko fosiletara. Izena eman behar da. %30eko deskontua izango du bisitak.