Haur eta helduek elkarregaz gozatzeko aukera ematen duen kontzertua eskainiko du
Maite Arroitajauregi Mursegok,
zapatuan [otsailak 27],
17:30ean,
Arte Eskolan. Musikaren bidez, entzuleekin konektatuko du musikari eibartarrak. Era guztietako erritmo eta abestiak proposatuko ditu, batez ere, txikienak agertokiaren jabe egiteko.
Maite Arroitajauregi ‘Mursego’.
Moraugaz, Lisabogaz, Anarigaz, eta Kashbad taldeagaz lanean ibilita, bakarkako bidea hartu zuen Maite Arroitajauregik. Bakarlari gisa
Bat (2009) eta
Bi (2010) diskoak kaleratu ditu eta Asier Altunaren
Amama pelikulari ere musika jarri dio.
Azken aldian, gainera, umeei zuzendutako kontzertu elkarreragileak ere eskaintzen ari da. Ez dira ohiko kontzertuak izaten. Umeak agertokira atera eta kontzertuan parte hartzen dute, dantzan eginez edo marakak jota.
Sormen Lantegiaren eskutik etorriko da Markina-Xemeinera Mursego eta kontzertua doan izango dela jakitera eman dute antolatzaileek, 0tik 99 urtera arteko gazte guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira.