Lekeitioko beteranoen XI. Trinkete Txapelketako finalistak erabakita daude. Finalaurreko kanporaketa biak irabazita,
Telleria eta Bastida eta
Orbea eta Arrate ailegatu dira aurten final handira.
Bastida, Telleria, Izarra, Laka eta Moral, atzoko partida aurretik. Argazkia: Julian Arrate
Atzo goizean jokatu ziren bigarren kanporaketako partidak, eta aurtengo faboritoen kontra ezustekoa emateko puntuan egon ziren
Moral eta Laka. Min hartuta zegoen Laka itzuli zen berriz ere lehiara, eta Morali aginduak eman eta kantxa ondo babestuz, partida bere gain hartu zuen.
Telleriak ez zuen izan bere egunik hoberena eta hainbat bidar bidali zuen pilota txapara. Bastidak ere, ezin izan zuen Laka gainditu, eta nahiz-eta markagailuan aurretik joan, asko sufritu zuten amaieran, kanporaketa aurrera ateratzeko. “Moralek, konfidantza faltagatik, agian, bi saketan huts egin zuen, eta berdinketa hausteko partida jokatzeko pauso batera gelditu ziren bakarrik”, zehaztu dute antolatzaileek.
Ikusleen animo eta oihuak ez ziren nahikoak izan ezustekoa emateko, eta 2014an moduan, Telleria mallabiarra eta Bastida debarra final handian egongo dira, Morali eta Lakari 30 eta 27 irabazita.
Orbea eta Arrate, tinko
Aurreko kanporaketako estrategia aldatuta, bazirudien
Jaunarenak eta Fosterrek gerra emango zutela. Hasierako tantuetan agintzen hasi ziren gainera, nafarra eta lekeitiarra. Baina, beste behin ere, sendo eutsi zuten Orbeak eta Arratek, eta azkenean, garaipena eibartarraren eta lekeitiarraren aldera itzuli zen, nahiko erraz. “Orbea aste guztien gripeagaz egon ondoren zetorren, baina aurrean ez zuen hutsunerik utzi. Aireko defentsa onagaz eta sake luzeekin min handia egin zuen”, nabarmendu dute antolatzaileek. Arrate, bestalde, eskumako aldean dejadak egiten ausartu zen, eta tanto politak lortu zituen.
Fosterrek, atzean, eutsi egin zuen, baina Jaunarenak zailtasun handiak eduki zituen ezker sarea babesteko. Beraz, garaipena, Orbea eta Arraterentzat izan zen.
Lagunartekoa
Finalaurrekoak girotzen joateko, lagunarteko partida ere jokatu zen atzo goizean. Horrela,
Beraza eta Etxebarria elgoibartarrak eta
Astigarraga debarra eta Mendaroko Egaña neurtu ziren. Elgoibartarrek oso partida ona jokatu zuten, azken aurrekoetan ere egon zitezkeela erakutsiz. Beraza jaun eta jabe izan zen aurreko koadroetan, eta Etxebarria aurrea zein atzea ondo zaintzen. Elgoibartarrek aukerarik ere ez zieten utzi Astigarraga eta Egañari, eta 30 eta 13 gailendu ziren.
XI. Txapelketa
martxoaren 13an amaituko da final zirraragarriagaz. Datorren astean jakitera emango dute antolatzaileek programa eta ordutegia.