Tandem ona osatzen dutela argi utzi dute Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak eta Aitzol Atutxa dimoztarrak. Izan ere, hirugarren urtez jarraian, Eusko Label sariko urrezko kategoriaren binakako txapelketa irabazi dute.
Azken txapelari esker, gainera, txapelketako historian sartzea ere lortu dute Mugertza II.ak eta Atutxak II.ak. Hain zuzen ere, saria hiru aldiz jarraian irabazi duen lehen bikotea izan da. “Bikoteren batek edo bestek, bi urtez jarraian garaipena errepikatzeko aukera izan du, baina hiru aldiz jarraian, geuk bakarrik irabazi dugula uste dut”, azaldu du aizkolari mutrikuarrak.
Hiru bikote finalistak. Argazkia: Eneritz Albizu / Urola Kostako Hitza
Mugertzak nabarmendu duenez, pozik jaso du hirugarren txapela. “Azken golpea eman eta irabazi egin genuela jakin nuenean poz handia sentitu nuen. O’Toole eta Vicente faborito baziren ere, lanak ondo eginda, gustura amaitu genuen”.
Domekan [otsailak 28] Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan jokatutako XVI. Eusko Label sariko urrezko kategoriaren binakako txapelketaren finalean, hain zuzen ere, Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarren eta Laurence O’Toole eta Iker Vicenteren aurretik amaitu zituzten lanak. Irabazleek
26 minutu eta 5 segundoan bukatu zituzten lan guztiak, eta 34 segundo gehiago behar izan zituzten bigarrenek. Rekondok eta Saralegik, hortaz, 26 minutu eta 39 segungo behar izan zuten lanak amaitzeko. O’Toole eta Vicente hirugarren sailkatuek, aldiz, irabazleek baino minutu bat 57 segundo gehiago behar izan zuten; guztira, 28 minutu eta 2 segundo.
Ugaitz Mugertza aizkoran. Argazkia: Eneritz Albizu / Urola Kostako Hitza
Finalari dagokionez, guztira, bost probatan banatuta,
hamabost enbor moztu zituen bikote bakoitzak. Hauek izan ziren egin beharreko lanak: 45 ontzako enbor bana erlojuaren aurka; 60 ontzako enborra zutik; 60 ontzako bina enbor bikotekide bakoitzak; zutik eta etzanda: 45 ontzakoa zutik eta kana-erdikoa etzanda. Eta, bukatzeko, txanda librea: lau kana-erdiko eta lau 60 ontzako.
Mugertza II.a eta Atutxa II.a hasieratik gogor eta martxa onean hasi ziren kolpeak ematen, eta lehen bi probetan, aurretik ibili ziren.
Lehia oso estua izan zen, eta, egia esan, hiru bikoteak nahikoa hurbil ibili ziren bata bestearengandik.
Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa, urrezko aizkorako irabazle. Argazkia: Eneritz Albizu / Urola Kostako Hitza
Azken lanak egiten hasi aurretik, ordea, Australiakoa eta nafarra ziren aurretik, baina txanda librean denbora asko galdu zuten. Lehia oso estua izan bazen ere, azken lanean, txanda librean, tartea ateratzea lortu zuten Iturritza baserrikoak eta dimoztarrak, eta erraz irabazi zuten Eusko Label saria. “Hasieratik azken momentura arte, gogor ibili ginen. Egia esan, emozioa azken momentura arte egon zen. Azken lanera arte, adibidez, guztiok segundo gutxiko aldearekin ibili ginen”.
Bikotekako txapelketa amaitu eta gero,
laister banakako lehia hasiko da. Antolatzaileek adierazi dutenez, apirilean jokatuko dira lehen kanporaketak. “Orain atseden hartu, eta banakako kanporaketak prestatzen hastea tokatzen da”.