Gernika Bizkaiak bihar Bembibreren kontra jokatuko du, Malosten
Emakumezkoen ligako taldeek hitzordu bikoitza dute asteon. Bihar 20:00etan jokatuko dute 21. jardunaldia talde guztiek, eta asteburuan lehiatuko dituzte 22. jardunaldiko partidak. Hain zuzen, 2015-2016 denboraldiko azken txanpan dira Emakumezkoen ligan...
Gernika Bizkaiak bihar Embutidos Pajariel Bembibre Leongo (Gaztela eta Leon, Espainia) taldea izango du aurkari Malosten.
Halaber, asteburuan, etxetik kanpo, Gironan (Herrialde Katalanak) lehiatuko da. Gaur gaurkoz, Spar Citylift Girona sailkapeneko bosgarrena da 33 puntugaz, eta bi puntu gutxiagogaz Gernika Bizkaia seigarrena da.
Porrota Galizian
Bestalde, herenegun arratsaldean jokatu zuen talde gernikarrak 20. jardunaldiko partida, eta 71-58 galdu zuen Star Center-Uni Ferrol taldearen kontra.
Irabazten hasi zen Gernika Bizkaia, eta 28-31-ko markagailu estuagaz amaitu zuten bigarren laurdena. Baina, atsedenaldiaren ostean, etxekoek markagailuari buelta ematea lortu zuten.
Vega, jardunaldiko onena
Hala ere, jardunaldian albiste pozgarria ere jaso du taldeak, Gisela Vega jokalaria jardunaldiko jokalaririk onena izendatu baitute (bigarren aldiz denboraldi honetan). Zehatz esateko Emakumeen Ligako jokalarien artean MVP (Most Valuable Player) izendapena jaso du, hau da, Vegak lortu du jardunaldiko baloraziorik onena. 32 puntu eman dizkiote, 27 puntu, bederatzi errebote eta bi berreskuratze lortu eta sei falta jaso dituelako.
Lesio baten ondorioz aurreko denboraldian jokatu barik egon ostean heldu zen pibot argentinarra Gernikara, eta harengan jarritako konfiantza eskertu, eta klubari asko zor diola adierazi du. «Hasieran kostatu zitzaidan, baina lantalde teknikoren eta medikuaren laguntzak errekuperatzen lagundu dit». Mario Lopez entrenatzaileak ere asko lagundu diola nabarmendu du.