Gaztetxea biziberritu nahiarekin jarraitzen dute Mutrikuko Gazte Asanbladako kideek, eta otsailean egin modura, martxorako ere ekimenez betetako egitarau oparoa prestatu dute herriko beste hainbat talderekin lankidetzan. Hurrengo ekimenak, hain zuzen ere, honako taldeen laguntzarekin egingo dituzte: Mutrikuko Rock Kolektiboa, Emakumeak Mutrikun Abixan, Sorginerreka Eskalada taldea eta Burumendi Mendi Taldea.
MUGAko kideek nabarmendu dutenez, beste hilabetez “ametsak ereiten” jarraitzeko asmoa dute. Horretarako, kultura, musika, literaturgintza, feminismoa eta kirolarekin zerikusia duten hainbat ekimen antolatu dituzte hurrengo asteotarako. Besteak beste, honako ekimenez gozatu ahal izango da: hitzaldiak, ikastaroak, poesia errezitaldiak eta kontzertuak egongo dira aukeran.
EGITARAUA
- Martxoak 3. Mendiz mendi ekimenaren barruan, Iker Arroitajauregiren eskutik, Harri aroa emanaldia, 19:00etan.
- Martxoak 10. Mendiz mendi ekimenaren barruan, Juan Carlos Tamaioren eskutik, Karakorum emanaldia, 19:00etan.
- Martxoak 11. Mantazpitik taldearen eskutik, poesia musikatua, 22:30ean.
- Martxoak 12. Ion Landaren eskutik, mekanika tailerra, 11:00etan.
- Martxoak 17. Mendi mendi ekimenaren barruan, Igor Mendizabal Goxerriren eskutik, High sierra emanaldia, 19:00etan.
- Martxoak 18. Mara mara eta Anari taldeen kontzertua, 22:00etan. Sarrera, 6 euro.