Lea-Artibai Bertsolari Gazteen 24. BBK Sariketatik kanpo geratu da
XXIV. Bertsolari gazteen BBK sariketako laugarren kanporaketa jokatu dute, gaur goizean, Markina-Xemeingo Lea-Artibai ikastetxean Hego Uribeko eta Lea-Artibaiko bertsolari taldeek. 427 puntugaz Hego Uribe izan da irabazlea, eta beraz, martxoaren 8an Zallan jokatuko den finalaurrekora sailkatu da taldea. Lea-Artibai, berriz, sariketatik kanpo geratu da. 410,5 puntu lortu dituzte.
Saioa 11:30 inguruan hasi da, eta ikastetxeko ikasle eta irakasleak izan dira entzule.
Gaurko saioko aurkezlea Itxaro Juaristi izan da eta epaimahaia Alaitz Etxanobe Bereziartuak, Juanjo Respaldiza Ozaetak eta Miriam Juaristi Urizarrek osatu dute. Idazkari lanetan Maddi Ibaibarriaga Zubikarai aritu da.
Saioa giro ezin hobean garatu da. Hauexek izan dira kantatu duten bertsolari gazteak: Hego Uribeko taldean, 18 urte arte, Ander Anakabe Lekubek, Enare Muniategi Etxabek eta Iker Garitagoitia Astigarragak abestu dute. 19 eta 24 urte bitartean Andere Molinuevo Martinek, Peio Molinuevo Martinek eta Markel Baroja Laitak. Lea-Artibaiko Taldea berriz, 18 urte arte, Xabi Barreña Odiagak, Beñat Molino Uribek eta Naroa Loiola Lejardik osatu dute eta 19 eta 24 urte bitarteko atalean Igor Galartza Intxaustik, Aitor Ruiz Urizarrek eta Aissa Intxausti Aburruzak hartu dute parte.Hurrengo saioa lehen kanporaketa izango da, eta bihar [martxoak 2] jokatuko da Arratzuko Busturialdea BHIn, 10:45ean. Busturialdea Durangaldearen kontra ariko da oraingoan. Kanporaketa hori irabazten duenak, finalerako pasea eskuratuko du.