Berriatuako udalak herriko jolas parkearen birmoldaketa gauzatzeko prozesu parte hartzailea abian jarri du. Herritarren, baina batik bat
umeen iritziak eta nahiak kontuan izanda eraiki nahi dute jolas gune berria. Zeregin horretan, udalak Urtxintxa Eskolako teknikarien laguntza dauka; haiek gidatuko dute prozesu guztia.
Udalerriko haurren parte-hartzea sustatuz, jolasgune parte-hartzaile bat eraikiko dute. Horrela, kaleko aisialdi eredu berrien inguruan sentsibilizatzea, eta haurren eta familien ahalduntzea indartzea lortu nahi dute.
Bihar arratsaldean egingo dute ekarpenak jasotzeko lehen batzarra. Alde batetik umeekin batuko dira, eta beste alde batetik gurasoekin berba egingo dute.
Haur parkearen parte hartze prozesuaren lehen batzarra. Argazkia: Berriatuko Udala.
Otsailean sentsibilizazio fasea burutu zuten, esaterako, herrian eta eskolan
jolas parke eredu desberdinen irudiak ipinita.
Aurreko astean egin zuten proiektuaren berri emateko aurkezpena. “Asmoa da haurrak protagonista izatea, parkea printzipioz haurrek erabiltzen duten gunea izanik beraiek izan beharko lirateke protagonistak”, zehaztu du Alex Manzano zinegotziak.
Urtxintxako teknikariek aurkezpen horretan azaldu zuten teknikoki nola burutuko duten egitasmoa, eta haurrekin egingo dituzten batzar horietan zein pauso egingo dituzten, zein metodologia erabiliko duten haiekin etab.
Parte hartzeko deia
Biharko batzarraren ostean, hilaren 18an bilduko dira berriro. Gero, ekarpenak aztertu, eta dauden aukerak ikusita, parke eredu berriaren diseinua egingo du udalak. Behin diseinua erabakita, apirilaren 15ean aurkeztuko dute herritarren aurrean.
Ostean, lanen lizitazioa egin, eta hilabete batean edo bitan lanak amaitzea espero dute. Izan ere, udarako prest egotea gura dute: “Lanetan data zehatzak ematea ia ezinezkoa izaten da, baina, gure asmoa behintzat udarako parkea zabalik egotea da”.
Manzanok nabarmendu du denen artean proiektuak aurrera eramateko “konpromisoa” hartu zuela udal gobernuak. Eta horregatik, udaletik, egitasmoan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei: “Bereziki guraso guztiei gonbita luzatzen diegu deialdietan parte hartzeko. Gurasoentzat interesgarria izango da batzarretan landuko duguna, haien beldurrak kentzeko balioko du”.
Betiko parke eredu “tradizionalez” gain, bestelako parke eredu batzuk ere existitzen direla ikusarazi gura dute, eta horien abantailaz eta onurez ohartarazi nahi dituzte guraso zein gainontzeko herritarrak.
Umeek eurek erabakiko dute zelako jolas parkea izan nahi duten. “Metodologia oso ludikoa da, haurrek jokuen bitartez egingo dituzte beraien jolas parke ereduak, eta gero udalak kontrastatuko ditu teknikariekin zein aukera dauden beraiek egiten dituzten eskakizun horietan”.
Autonomia lantzeko
Urtxintxa Eskolako kideen esperientziaz baliatu nahi izan dute. Manzanok azaldu duenez, aukera “polita” ikusi zuten gai honetan jakitun direnek prozesua gidatzea. “Halako prozesuak nola lantzen zituzten azaldu ziguten. Haien ikuspegia da haurrak erdigunean jartzea, haurrak ere komunitateko partaide direnez haien erabakitzeko ahalmena sustatzen dute metodologia aldetik”.
Halaber, udaleko zinegotziak kontatu du, esaterako, Araban parke eredu oso bat diseinatu dutela, eta auzolanaren bitartez, diru gutxirekin gune bat sortu dutela.
Gurasoen ohiko kezkez eta beldurrez jakitun dira, baina, halako jolasgune eredu berriak umeen autonomia lantzeko oso baliagarriak direla azpimarratzen dute. “Demostratuta dago printzipioz haurrek ere beraien autonomia aurrera eraman ahal izateko gaitasuna badaukatela”.
DATAK:
- BIHAR (martxoak 4)
1. batzarra. 17:30ean, udaletxean batu eta frontoian bilduko dira (Haurrak bakarrik).
17:30ean, Bideo gelan (gurasoak bakarrik).
- MARTXOAK 18
2.batzarra. 17:30ean, udaletxean (haurrak bakarrik).
- APIRILAK 8
Aurkezpena prestatzeko batzarra. 17:30ean, Bideo gelan (haurrak bakarrik).
- APIRILAK 15
Jolasgunearen aurkezpena. 17:30ean, Bideo gelan.