Baxurako arrantzaleak egunotan antxoa deskargatzen aritu badira ere, gaur [martxoak 3] ez dute ale bat bera ere lehorreratu. Izan ere, eguraldi eskasa dagoela eta, ontziek portuan lotuta geratu behar izan dute, itsasoa baretu arte.
Arrantzale bat sareak astintzen
Besteak beste, olatu handia dago kostaldean. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak eraginda, une batzuetan, 3 eta 4 metro inguruko olatuak ere altxatu ditu. Eguraldiaren iragarpenaren arabera, ostera, hurrengo orduetan
egoerak onera egingo duela dirudi. Gauerako, hain zuzen ere, haizea nabarmen gutxituko da, eta horrela gertatzen baldin bada, baxurako ontzietako marinelek antxoaren bila itsasoratzeko asmoa dutela nabarmendu dute. “Eguraldiak baimentzen baldin badu, bihar ere, hiru turrun entzungo dira”, azaldu dute.
Ontziak portuan lotuta egon diren bitartean, arrantzaleek sareak astintzeko eta horiek konpontzeko aprobetxatu dituzte gaur goizeko lehen orduak.
Arrantzaleak sareak josten
Prezio apalagoetan
Bestalde, martitzenean [martxoak 1] antxoa kostera zabaldu zenetik, nahikoa antxoa saldu da Ondarroako Kalare Deuna kofradiako bentan. Martitzenean, kopuru gutxi saldu zen, baina garesti, 10 eta 17 euro bitartean.
Atzo [martxoak 2], ordea, kopuru gehiago porturatu zuten arrantzaleek, eta hortaz, antxoa prezio aldetik nahikoa garesti saldu bazen ere, denboraldiko lehen egunekoan baino prezio apalagoetan saldu zen, 4 euroren bueltan, hain zuzen ere. Tamaina aldetik ere, atzokoa ere arrain txikia izan zen; kiloan 45- 55 ale bitartekoa.
Ondarroako portuaren itxura, gaur goizean
Datuei erreparatuz, atzo, 4.000 kaxa (32.000 kilo inguru) porturatu zituzten. Antxoa Zarautz eta Pasaia artean agertu dela ikusirik gainera, Ondarroan deskargatu duten ontzi kopurua ere nabarmen hazi da. Atzo, esaterako, dozena bat ontzik deskargatu zuten, horietako asko, Kantabriakoak.
Bestalde, berdela harrapatzea baimenduta baldin badago ere, arrantzaleek berdela lehorreratu gabe jarraitzen dute. “Bila ari dira, baina ez dute aurkitu oraindik”.