Minbiziaren aurkako elkarteak antolatuta, atzo [martxoak 2], koloneko minbiziari aurre egiteko jardunaldi mediko-gastronomikoa egin zen Mutrikuko Etxekalte elkarte gastronomikoan.
Gaiak hainbat herritarren interesa piztu zuen, eta elkartea jendez bete-bete eginda egon zen. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gustura geratu ziren herritarrek emandako erantzun onarekin.
Arantza Aranburu azalpenak ematen
Arantza Aranburu Mutrikuko osasun etxeko medikuak hartu zuen lehendabizi hitza. Aranburuk koloneko minbiziari buruzko hainbat datu eman zituen. Medikuak nabarmendu zuenez, egun, minbizi mota hori
osasun arazo handi bat da. “Askotan ikusten da, pentsa baino maizago, eta heriotza asko eragiten ditu, gainera”.
Aranburuk solasaldian, hain zuzen ere, era erraz batean gaixotasuna nola ekidin daitekeen adierazi zuen. Izan ere, gaixotasuna ez sortzeko hainbat ahalegin egin daitezke. Are gehiago, gaitza norbere gorputzean sortu ondoren ere, gaixoek horren aurka zerbait egitea badutela ere aipatu zuen. “Garaiz harrapatzen baldin bada, sendatu daitekeen gaixotasuna da koloneko minbizia”, eta berari aurre egiteko neurriak hartzea nahikoa erraza dela ere azpimarratu zuen.
Datuak kontutan hartuz gero, garatuta dauden herrialdeetan koloneko minbiziak heriotzarik gehien eragiten duen minbizia da, prostataren eta bularrekoaren atzetik. Gainera, urtetik urtera, kasu gehiago atzematen ari dira; urtero %2-3 gehiago.
Aranburu azalpenak ematen
Gaixotasun nahikoa asintomatikoa dela ere gogoratu zuen Aranburuk. “Tumorra handia izan arte, ez da sintoma askorik atzematen. Sintomarik ohikoenak gorotzetan odola, beherakoa, pisua galtzea eta tripako minak dira”. Baina, medikuak adierazi zuenez, diagnostiko goiztiar batek asko gutxitzen du heriotza probabilitatea.
Diagnostikoari dagokionez,
Osakidetzak martxan ipinitako kanpainari buruz ere luze aritu zen Mutrikuko osasun zentroko medikua. Mutrikun eta inguruotan, esaterako, hilabeteak daramatzate osasun zentroetan gorotzen kontrolak egiten, 50-70 urte bitarteko biztanleetan, eta horietan, %4,5 positibo jaso dira.
Inguruotan probetan parte hartu duen biztanle kopurua handia dela esan zuen. “Kanpainan parte hartzeko gonbitea egiten dugu. Modu honetara, gaixotasuna era azkar eta erraz baten diagnostikatu daiteke eta”.
Joxean Eizmendi azalpenak ematen
Aranburuk gainera, gaixotasunari, neurri handi batean, jaten dugunarekin aurrea hartu ahal zaiola ere aipatu zuen. Eta jakiei buruz hitz egitera, Joxean Eizmendi Donostiako
Illarra jatetxeko sukaldaria etorri zen.
Eizmendiren iritziz, garaiko produktu freskoak osasuna zaintzeko gakoak dira. “Produktu horiek pixka bat landuta, oso gozoak daude. Bertako produktuek gainera, inguruko ekonomia aberasten dute”. Bestelakoan, garaikoak ez diren produktuek zapore gutxi izaten dutela nabarmendu zuen, eta hartara, gozagarri gehiago behar dutela.
Joxean Eizmendi goizean hartuko illarrekin egindako krema probatzen
Gomendio ugari eman zituen, eta barazkiak, esate baterako, egunean bertan hartutakoak osasunerako onenak direla esan zuen.
Sukaldariak, hain zuzen ere, bere jatetxe ondoan baratze handi bat du, eta etxeko produktuekin egindako platerak prestatu zituen. Bertaratuek gustura jan zuten sukaldariak prestatutako menu osasuntsua; porruak, ilar krema, arroz integralarekin eta onddoekin egindako
risottoa, oilaskoa eta torradak probatu zituzten.