Gernika-Lumoko Bake-Leku txokoak eta Sarek antolatuta, dispertsio politika eta haren ondorioak izan zituen Joseba Azkarragak (Agurian, 1950) berbagai Gernika-Lumon egin zuten hitzaldi-solasaldian.
Sakabanaketa politikarekin amaitu behar dela dio Sarek. Zein da gaur egun presoek bizi duten egoera?
Estatuarekiko harremanari dagokionez, ETA modu aktiboan zegoen garaian baino egoera okerragoa bizi dute. Orain lau urte eta erdi hatu zuen su eten iraunkorra aldarrikatzeko erabakia, baina Gobernuak espetxe politikaren neurriak gogortu ditu. Presoak urruntzeko politika mantendu du, eta presoen %90 beraien sorterritik 1.400 kilometrora daude, batezbeste. Dispertsio politikak ez zuen zentzurik aplikatzen hasi zirenean, eta ez du zentzurik orain. Hori bultzatzeko arrazoiak, gainera, gaur egun ez daude.
Zeintzuk ziren arrazoi horiek?
Espainiako Gobernuan garai hartan PSOE zegoen, eta EAJren babesarekin praktikan jarri zuen dispertsio politika. Presoak urrundu zituzten erakunde armatuaren esanetara egon ez zitezen, hori zen beraiek eman zuten arrazoia. Absurdua da, eta ikuspuntu praktikotik begiratuta zentzurik ez zuen. Presoen sakabanaketa Logroño, Gasteiz, Bilbo eta Donostian espetxeratuta ere egin zitekeen. Baina sakabanaketak senideak zigortzea du helburu, mendeku politika da.
Joseba Azkarraga, Gernika-Lumon
Azkarraga: “Gatazka amaituko da biolentzia ekintzen kausak eta ondorioak desagertzen direnean. Eta biolentziaren ondorio dira biktimak, baina baita preso dauden 400 pertsonak eta exiliatuta zein deportatuta dauden hainbat herritar”
Politika horri aurre egitea gizartearen arazoa dela defendatzen du Sarek. Zein paper jokatu beharko lukete herritarrek?
Gakoa da gizartea mobilizatzea eta aktibatzea. Oinarrizko eskubideak urratzen ditu sakabanaketak , eta ezin dezakegu beste albo batera begiratu, edo ezker abertzalearen arazoa dela esan. Arazoa euskal gizartearena ere bada. Bere burua demokratikotzat duen gizarteak ezin du albo batera begiratu auzoan bertan astean 1.500 kilometro egin behar dituen familia bat duenean. Hala ere, ez nuke esango sakabanaketaren amaiera gatazkarekin amaitzeko ezinbesteko pausoa denik. Hau da, gatazka amaituko da biolentzia ekintzen kausak eta ondorioak desagertzen direnean. Eta biolentziaren ondorio dira biktimak, baina baita preso dauden 400 pertsonak eta exiliatuta zein deportatuta dauden hainbat herritar. Kolektibo horri irtenbidea eman gabe gatazka ez da amaituko.
Nola kontzientziatu gizartea?
Sare bezalako kolektibo batek egin dezake lan hori. Sarek biltzen dituen hainbat pertsona mokoka ibili gara iraganean, politika ezberdinak defendatzen genituelako eta borroka armatuarekiko jarrera ezberdina genuelako. Baina, orain, merezi du esfortzua egiteak, arazoari irtenbidea bilatzeko. Askotariko jendea biltzen du Sarek, eta hori da gizarteratu nahi duguna; ez dela ideologia kontua, eskubide urraketaren kontrako kontzientzia kontua baizik.
“Gobernura PP heldu arren, gehiengo osoa galdu dute, eta alderdi berriak daude Kongresuan; gauzak aldatzeko gaitasuna badagoela uste dut. Arazoa da denborak luze joko duela”
Espainiako hauteskunde orokorretan aldaketaren aldeko botoa eman zuten askok. Sozialisten Gobernuak espetxe politikan aldaketa ekar lezakeela uste duzu?
Egoera nekez izango da azken lau urteetan bizi izan duguna baino latzagoa. PPren Gobernuak aplikatu duen mendeku kutsua gainditzea zaila izango da. Beraz, ulertu nahi dut ezein aldaketa aurrera egitea izango dela, baita PSOEren gobernu batekin ere, sakabanaketa politika beraiek diseinatu zuten arren. Baina Gobernura PP heldu arren, gehiengo osoa galdu dute, eta alderdi berriak daude Kongresuan; Podemos, esaterako. Iglesias inbestidura saioan argi mintzatu zen Estatu terrorismoari buruz. Beraz, gehiengo osorik gabe, gauzak aldatzeko gaitasuna badagoela uste dut. Arazoa da denborak luze joko duela politikoek beren agendan jaso arte.
Konponbiderako ere presoen gaiari heldu behar zaiola azpimarratu izan du Foro Sozialak.
Kontraesana da foro batek eskatu behar diola Espainiako Estatuari armagabetze prozesu egiaztagarri bat bultzatu dezala. Armagabetu gura duen erakunde bat dago, eta Gobernuak ez du ezer jakin nahi. Baliteke zenbait alderdi eroso sentitzea eszenario horretan. Hau da, ETAren jardunik ez da, baina ez da desegin; beraz, jarraipena ematen diote.
“Gazteak ere badaude preso, seme-alaba txikiekin, eta esfortzu ikaragarria egin behar dute barikuan ikastolatik irten, Andaluziarainoko bidaia egin, domekan buelta eta astelehenean berriro ikastolara joateko”
Presoen senideak aipatu dituzu, eta sakabanaketa beraiei gehitutako zigorra ere badela. Kilometroak aparte, zelan eragiten die dispertsioak?
Presoen kolektiboa zaharra da, urte asko daramatzate kartzelan. Haien gurasoak nagusiak dira, ezin dituzte hainbeste kilometro egin bisitan joateko, eta ez dute elkar ikusi urte askoan. Bestalde, gazteak ere badaude preso, seme-alaba txikiekin, eta esfortzu ikaragarria egin behar dute barikuan ikastolatik irten, Andaluziarainoko bidaia egin, domekan buelta eta astelehenean berriro ikastolara joateko. Esfortzu ekonomikoa ere izugarria da; 20.000 euro urtean familiako. Eta distantziari dagokionez, senideek urtean munduari buelta eta erdi ematea besteko kilometro egiten dituzte. Hau dena, ETAren jardunik ez dagoenean.
Eskubideak ez ezik, legea ere urratzen du sakabanaketak.
Bai. Eskubideei buruz ari gara, baina beraien legea urratzen ari dira. Espetxe legeak dio presoek beraien bizilekutik gertu bete behar dutela zigorra. Zigorrak batzeari dagokionez ere, badira Frantzian zigorra bete eta Espainian berriro betetzen ari direnak. Kalean beharko zuketeen bederatzi preso daude; baita libre beharko zuketeen preso gaixoak ere. Parot doktina aplikatzerako ere urte asko joan ziren.
Justizia sailburu ohia, zuzenbidean lizentziatua… Legearen aldetik, zein irakurketa egiten diozu sakabanaketari?
Irakurketa legalik ez, ez baita legala. Eskaera bat egin behar zaie Jaurlaritzatik eta beste estamentu batzuetatik presoei damua eta bakamena eskatzen dienei. Ez dago hori exigitzen duen arau edo legerik zigorra etxetik gertu betetzeko. Ilegala da, eta arazoa da beste alde batera begiratzen duten alderdi politiko eta komunikabideak badaudela.