Keu Agirretxea musikari ondarrutarrak Nomadak eta kofrea (Mauka) diskoa aurkeztu berri du. Duela hiru urte argitaratu zuen ondarrutarrak aurreko lana. Eta orain, asko ekoiztu eta han eta hemen ibili eta gero, ondo hornituta eta ikutu berriekin, indarberrituta agertu da Agirretxea lan berrian.
Oraingoan, gainera, ondarrutarra Madrilera joan da diskoa grabatzera. “Musikariak oso onak izan dira, maila handikoak. Eta kolaborazioak ere oso onak izan direnez, azkenean, lana, oso kalitate onekoa izan da”.
Izan ere, musikari profesionalekin batera, kantak grabatzean, punta-puntako kolaborazioak izan ditu. Ez nolanahikoak; asko oso ezagunak: Xabi Solano, Izaro Andres, Mikel Erentxun, Jairo Zabala eta Pablo Novoa.
Keu Agirretxea. Argazkia: Freddy Agirretxea
Oro har, diskoa, nahikoa homogeneoa dela dio Agirretxeak. “Soinuaren aldetik, dena bilduta dago, baina, egia esan, aurreko lanekin alderatuz gero, ukitu ezberdinak daude; nik inoiz egin ez ditudan gauza berri asko daude diskoan”.
Sentimenduak oinarri
Lan berrian ere, azkenengoetan modura, Mikel Etxabururen poemak daude oinarrian. Baina, horrez gain, Kirmen Uriberen eta Aiert Goenagaren idatziak ere hartu ditu. “Etxaburu eta biok duela sei urte hasi ginen. Bere poemek eta nire musikak ondo bat egiten dute. Eta gauza bera gertatu zait Uribegaz eta Goenagagaz ere. Arrazoia ez da hirurak ondarrutarrak direla, baizik eta hirurak onak direla, eta hara non, ondarrutarrak direla. Gertaera da”.
Agirretxeak Kirmen Uriberen, Mikel Etxabururen eta Aiert Goenagaren letrak bildu ditu disko berrian; letrak eta musika uztartzen nahikoa abila dela dio ondarrutarrak
Orokorrean, letrak eta musika bateratzen nahikoa abila dela dio Keuk. “Aiertekin, esaterako, beste modu batera egin dut: nik abestia botatzen diot nire ahotsaren doinuagaz, eta berak, ehuneko handi batean, letra egokituta bidaltzen dit”. Goenaga ere oso ona dela dio musikari ondarrutarrak. “Orain, falta dena da hurrengo lanean berak kantatu ere egitea”.
Etxabururen eta Uriberen letrak ere musikagaz “erraz” bateratzen dituela dio.
Etxabururen, Uriberen eta Goenagaren letretan, gainera, harreman pertsonalak, sentimenduak oso presente daudela dio. Eta Durangoko Azokan aurkeztu zen Darwin singlean ere hori antzematen zen. “Abesti horretan bulling-ari buruz hitz egiten da. Asko gustatu zitzaidan Goenagaren ikuspuntua. Letra oso polita da. Eta Durangoko Azokara horregaz joatea erabaki genuen”.
Hasiera bateko ideia
Orain, Bila abestia da single berria. “Honekin beste alderdi bat erakutsi nahi izan dugu”.
Zapatuan, martxoak 5, Tolosan egingo du zuzeneko aurkezpena; domekan, martxoak 6, Ondarroako Beikozinin ariko da. Ondarroako kontzerturako sarrerak salgai daude
Azken emaitza eskuetan duela, egindakoagaz oso-oso gustura dagoela dio. “Esperientzia moduan oso ona izan da. Eta emaitza ikusita ere, gustura geratu naiz”. Dena dela, hasiera batean buruan zuenak eta azken emaitzak ez daukatela zerikusirik dio. «Urte askoan hainbat ekoizpenetan parte hartu izan dut. Eta azken bi urteetan ez dut ezer grabatu. Gogoa neukan neure zer edo zer grabatzeko. Disketxeak esan zidan beste zerbait eskaintzeko garaia zela, eta aukera hau zegoenez, ba aurrera egin nuen. Baina ez nuen pentsatzen horrelako zer edo zer aterako zenik».
Zuzenekoak
Ondarrutarra oihartzun handia ari da izaten, eta poz-pozik dago. Zuzenekoetan sartuta, bihar [martxoak 5] Tolosan egingo du lehenengo aurkezpen kontzertua, eta etzi [martxoak 6], berriz, Ondarroako Beikozinin egongo da, 19:00etan. Horretan, Fignuh Experience taldeagaz ariko da. “Diskoari beste ikutu berezi bat emango diogu zuzenekoetan. Izan ere, gu zuzeneko talde bat gara. Beraz, ez dugu berdin-berdin joko, gure Fignhu ukitua emango diogu”.
Domekako Ondarroako emanaldirako sarrerak aurretiaz daude salgai, Beikozinin, 7 eurotan; Internet bidez ere erosi ahal dira. Egunean bertan, txarteldegian ere salduko dira, 10 eurotan.
Promozio on bat egiteaz gain, denaren gainetik, orain, gozatu egin nahi dutela dio Agirretxeak. “Lasai hasiko gara, eta egiten dugunaz gozatu egingo dugu”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.