Gaur [martxoak 7] Kofradia Zaharrean egindako ezohiko osoko bilkuran Bedialauneta izendatu dute Ondarroako alkate. Josu Arrizabalaga alkate ohia ordezkatzeko erabakia, hain zuzen ere, udal taldeak herritarrekin batera aurrez egindako hiru herri batzarretan adostu da. Osoko bilkuran Bedialaunetak aldeko zortzi boto jaso ditu (EH Bildu) eta EAJ abstenitu egin da.
Alkateak nabarmendu duenez, etorkizunari begira eta lanerako gogotsu dago udal gobernu berria: “Ekainean agintaldi berria hasi genuen ilusio berberarekin jarraitzen dugu, herrigintzan; herritik eta herriarentzat lanean”.
Udal talde osotu berria
Udala herritarrei gerturatzeko nahia ere agertu du udal talde berriak. “Herritarren ideia eta ekarpenak egunerokoan jaso nahi ditugu, guztion behar eta nahietara egokitzen den Ondarroa berri bat eraikitzeko”. Herri proiektua garatzeko parte hartzea ezinbesteko tresna izango dela ere gaineratu du. “Herriko sentsibilitate guztiei zabalik dagoen udala osatu nahi dugu”.
Hutsuneak betetzera
Hori dela eta, aurrerantzean ideiak, proposamenak edota ekarpenak beldurrik barik adierazteko deia egin die herritar eta eragileei.
Zunbeltz Bedialauneta, alkate kargua hartzeko osoko bilkuran.
Erabaki horrez gain, aurrerantzean, Eneritz Basurko Pagoaga eta Loren Arkotxa Meabe ere alkateagaz batera ibiliko dira egunerokoan lanean. Basurkok, gainera, jardun osoko liberazioa izango du, eta orain arte ez bezala, hirigintza arloa ere kudeatuko du Arkotxagaz batera. “Arlo berri bat da niretzat, baina alboan esperientzia handia daukan kidea daukat, eta erronka berriari ekiteko gogotsu nago”, azaldu du Basurkok.
Azpimarratu duenez, gainera, “ilusio eta indarrez betetako” taldea daukate. “Agintaldi hasieran zehaztutako erronkak betetzeko lan egingo dugu, orain arte modura”.
Josu Arrizabalagaren eta Txomin Etxabururen hutsuneak betetzeko, ostera, Idurre Ibazeta Lertxundik eta Leire Beitia Anabitartek ere zinegotzi kargua hartu zuten atzoko bilkuran. Horrenbestez, Ondarroako Udala berregituratuta geratu da.
Esker oneko
Bukatzeko, bidelagun izandakoei ere esker ona adierazi nahi izan zien Bedialaunetak talde osoaren izenean. “Orain arte egindako lan guztiagatik eskerrak eman behar dizkiegu Josu Arrizabalagari eta Txomin Etxabururi”.
Rakel Eluren eskutik jaso du aginte makila Bedialaunetak
Josu Arrizabalagak, hain zuzen, joan den otsailaren 15ean utzi zuen alkatetza, “arrazoi pertsonalak” tarteko. Denbora tarte horretan, herritarrek eta udal taldeak bi zinegotzien ordezkoak aukeratzeko prozesua bideratu dute.
Batzordeburuak
Ogasuna. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga eta Leire Beitia Anabitarte.
Berdintasuna. Visit Beiro Badiola.
Hezkuntza. Eneritz Basurko Pagoaga eta Oier Lertxundi Segura.
Lanarigoa. Loren Arkotxa Meabe.
Euskara. Eneritz Basurko Pagoaga.
Hirigintza. Loren Arkotxa Meabe eta Eneritz Basurko Pagoaga.
Kultura. IƱaki Lersundi Arrizabalaga.
Ingurumena. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga.
Kirola. Unai Barrenetxea Gurrutxaga eta Mikel Aramaio Basterretxea
Gizarte ongizatea. Rakel Elu Bengoetxea.
Aniztasuna. Idurre Ibazeta Lertxundi.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.