Berriatuko Ixura musika taldeak kontzertua eskainiko du barikuan, Deban
Berriatuko Tarine udal musika eskolak eta Debako musika eskolak elkarlanean antolatutako ekitaldia izango da barikukoa [martxoak 11]. Baina Berriatuko eta Debako musikariez gain, Zumaia eta Donostiakoak ere izango dira.
Elkarmusik izenburupean, Berriatuko Ixura taldeak, Debako Chikiliquartet eta Esemble Deba-Zumaia-Donostia taldeak ariko dira saioan. Kontzertua 19:15ean hasiko da, Debako Agirre Jauregiko Ispiluen gelan. “Emanaldi honekin, gure helburua da Berriatuatik atera eta inguruko musikariekin gure ezagutzak partekatzea. Beste eskola batera joango gara, eta hangoekin ere egongo garenez, nork bere ezagutzak erakutsiko ditu”, azaldu dute Berriatuko Tarineko ordezkariek.
Emanaldian denetariko musika instrumentuak entzuteko aukera egongo dela ere jakitera eman dute. “Ixura taldea musika tresna ezberdinak jotzen dituzten musikariek osatzen duten taldea da. Izan ere, gure eskola txikia da eta denetarik ikasten da”. Izatez, Ixura taldea akordeoi taldetik sortu zela gaineratu dute Tarinekoek. “Hasiera baten ohitura zegoen akordeoi taldeak osatzea. Gerora, baina, instrumentu berriak sartzen joan ginen eskolan eta horiek ere taldera gehitzen joan ziren. Gerora izena aldatu genion eta Ixura jarri genion. Izenak horrekĀ musika tresna ezberdinen taldea esan nahi du”.
Zehatz esateko, Berriatuatik hamahiru ikasle eta lau irakasle joango dira Debako emanaldira: flauta joleak, trikitilariak, baxua jotzen dutenak, gitarra elektrikoa, bateria… Debako Chikiliquartet taldean, ostera, lau musikari ariko dira, eta Ensemble Deba-Zumaia-Donostian hamahiru klarinete jole. Guztira, beraz, 34 musikari bilduko ditu ekitaldiak.
Adinari dagokionez, 12-13 urteko musikarietatik aurrerako musikariek parte hartuko dute emanaldian. “Denetarik egongo da”.
Kantak. Berriatuko taldeak sei kanta eskainiko ditu eta lehena izango da jotzen. Atzetik Debakoek eskainiko dute saioa, lau kantagaz. Azkenak izango dira Ensemble Deba-Zumaia-Donostiakoak, horiek laupabost kanta eskainiko dituzte.