Hezkuntza erreformen aurka egiteko manifestazioa egingo dute barikuan, Markina-Xemeinen
Lea-Artibai eta Mutrikuko Ikasle Abertzaleek deituta, hezkuntzan “isilpean” ezartzen ari diren erreformen aurka egiteko manifestazioa egingo dute barikuan [martxoak 11], 18:00etan, Arkupean hasita. Ekintza horrekin, gainera, martxoaren 17an Hego Euskal Herriko hiriburuetan IAk deituta egingo diren manifestazioetara joateko deia egin nahi izan dute markina-xemeindarrek.
“Euskal Herriko ikastetxetako, lanbide heziketetako eta unibertsitatetako ikasleriari martxoaren 17an kalera ateratzera deia egin nahi diogu. Guztioi eragiten digun egoeraren aurrean altxatzera, ezkutuan aurrera doazen erasoei aurre egitera, aldaketa sakonei bide ematera eta zapalduon askapenaren mesedera dagoen hezkuntza eraikitzera goaz”, diote IAko kideek.