Larrabetzun jokatu den eskuz binakako
Emakume Cup txapelketako bigarren mailako txapela jantzi du Iratxe Ibarra pilotari markina-xemeindarrak. Lutxi Fonsekagaz batera, 22 eta 8 irabazi zieten Paula Iturbide eta Arrate Gazteluri Emakume Cup-a eskuratuz.
Urte asko eskupilotan jokatu barik zegoela eta, zalantzan jarri zuen Emakume Cup-ean parte hartzeko gonbidapena Iratxe Ibarrak. Hala ere, txapelketa laburra izanik, bigarren mailan jokatzera animatu zen, eta espero baino hobeto joan zaio txapelketa. “Lehenengo partida izan zen txarrena, bikotea eta biok ez ginen ezagutzen eta gainera biak atzelariak ginen. 6 eta 0 galtzen hasi ginen urduritasunak eraginda, baina partidari buelta ematea lortu genion eta tantu bakarragatik irabazi”.
Iratxe Ibarra Larrabetzuko finala jokatzen. Argazkia: bizkaiapilota.com
Garaipen horrek emandako konfidantzagaz, Zornotzan jokatutako kanporaketa guztiak irabazi zituzten, eta finalerako sailkatu zen Ibarra.
Finalean partida bikaina jokatu zuten Ibarrak eta Fonsecak, hutsik ere egin barik. “Uste baino errezago ibili ginen eta biok ondo gindoazela ikusita, partida erditik aurrera lasaitu egin nintzen”, aitatu du.
Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzak antolatutako txapelketa goraipatu du Markina-Xemeingo pilotariak. Izan ere Emakume Cup federatutako emakume pilotari seniorren txapelketa bakarra da, eta emakumeen kirola bultzatu beharra dagoela uste du Ibarrak. Larrabetzun eta Zornotzan sortu diren emakume pilotarien taldeak jarri ditu eredugarri.
II. Emakume Cup urtarrilaren amaieran hasi zen maila bakoitzeko bost bikoterekin eta bi hoberenak ailegatu ziren finaletara. Lehen mailan Irati Etxebarria eta Patri Espinar izan ziren garaileak.
Larrabetzuko finalaren osteko sari banaketa. Argazkia: bizkaiapilota.com