Eusko Jaurlaritzak
hiru urteko diru laguntzen deialdia iragarri du datozen urteetarako, estreinako. Horren arabera, baina,
2019ra arte, euskal hedabideentzat gaur
egungo aurrekontu bera aurreikusi da,
diru poltsa mugitzeko aukerarik gabe, eta
irizpideen inguruko eztabaida sakona
eduki gabe. Alberto Barandiaran Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko ordezkariak Jaurlaritzaren planteamenduak ez dituela iaz Eusko Legabiltzarrak adostutakoa betetzen esan du Legebiltzarrean bertan. “Planteamendu hori ez da sektoreak garatzeko eta egonkortzeko behar duena; ez da eskatu duena.
Planteamendu honek ez du egonkortasun sentsaziorik sortu sektorean.
Ezinegona sortu du, eta ondorioz, ez gaude lasai”.
Euskal Hedabideentzako
urte anitzeko planteamendua ona bada ere,
diru berdina egotea eta deialdia sektorearekin
irizpideak eztabaidatu gabe egitea salatu du Hekimenek.
Alberto Barandiaran: “Euskal hedabideetako lan baldintzak nabarmen apalagoak dira erdarazkoen aldean. Horrek ezegonkortasuna eta ziurtasunik eza sortzen ditu”
Halaber, hizkuntzaren biziberritzean hedabideen garrantzia zenbaterainokoa den agertu zuen Barandiarenek Legebiltzarrean. Horrez gain, euskal hedabideetako
langileriaren lan baldintzak sektorearen ahulguneetako bat direla azaldu zuen. “Euskal hedabideetako lan baldintzak nabarmen apalagoak dira erdarazkoen aldean. Horrek ezegonkortasuna eta ziurtasunik eza sortzen ditu; ez du errazten lagileei bizitzeko eta profesionalki garatzeko aukerak eskainiko dizkion ingurune bat lortzen”.
Jaurlaritzak lehen mailakotzat jo duen audientziaren alorrari dagokionez, azken urteetan, sektoreko medioak euskal hiztunentzat “erreferenteak” direla agertu zuen. “Euskal hedabideak eraginkorrak dira, iristen dira”.
Alberto Barandiaran Hekimeneko ordezkaria, herenegun, Eusko Legebiltzarrean
Horrela, bada, hedabideak garatu eta hobetzeko
“beste neurri batzuk” behar direla azpimarratu zuen Barandiaranek: “gure jardunaren jarraipenerako behar ditugun baldintzak”.
Hekimenek iaz egindako bilerak eta proposamenak
Hekimen sortu zenetik, administrazioarekin
epe luzeko planteamendu bat lantzea izan du
helburu, euskal hedabideen garapena eta egonkortasuna bermatzeko. Eta iaz, planteamendu hori “sakon” landu nahi izan zuen elkarteak. Horregatik, urtarriletik uztailera bitartean, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin (HPS) hainbat bilerak egin zituen. “Hekimenek beti sinetsi izan du bilera horien garrantziaz. Ez dugu bakarrik inbertsio publikoaren gorakadaz berba egin; sektorearen egoeraz, ahuleziez eta indarguneez, eta administrazioaren esku hartzeaz ere aritu gara”.
Hekimenek, gainera,
elkarlanerako jarrera eskaini izan duela dio. “Jarrera horrek lagundu digu bidean topatu ditugun oztopoak gainditzen, eta planteamendu berriak egitera eraman gaitu: urteroko diru laguntzen deialdian aldaketak proposatu ez ezik, publizitate instituzionalaren banaketaren inguruan hausnarketa egin dugu, eta sektorea industria gisa kontuan hartzeko lan taldeak martxan jarri ditugu”.
“Hekimenek behin baino gehiagotan proposatu du hizkuntz irizpideak txertatzeko publizitate kanpaina publikoetan, baina, gaur arte, Jaurlaritzak ez du horretarako urratsik eman”
Izan ere, Hekimenek jakitera eman duenez, 2010etik hona
aurrekontuak behera etorri dira
euskal hedabideentzat. “Jaurlaritzak publizitatea instituzionalaren
%3 baino ez du egiten
herri ekimeneko hedabideetan. Hekimenek behin baino gehiagotan proposatu du hizkuntz irizpideak txertatzeko publizitate kanpaina publikoetan, baina, gaur arte,
Jaurlaritzak ez du horretarako
urratsik eman. Erdal hedabideetan, bestalde, azken urteotan euskara sustatzeko diru laguntzak berrskuratu ditu. Beraz, hedabideentzako
egon diren igoerak, erdar hedabideentzat izan dira”.
Laguntzen bilakaera:
- Eusko Jaurlaritza. Laguntzaren atzerapena arazo handia da, ziurtasunik eza dakar. Bestetik, urtero aldatzen da deialdia; hedabideek ez dakite zer gertatuko den.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena jaitsi egin da azken urteotan.
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdia atzeratu egingo da, Europako diru laguntzekin sortu daitezkeen arazoak tarteko.
- Arabako Foru Aldundiak nabarmen igo du aurten bere ekarpena: 10.000 eurotik 50.000 eurora.
- Nafarroako Gobernu berriak UPNko gobernua bideratzen zuen antzeko kopurua eman du euskal hedabideentzako: “ezin dugu nahikotzat jo”.
- Igoerak: Tokiko telebistetarako deialdian (%38) eta IKTkoetan (%31)
Errealitate horrekin,
iazko uztailean, Hekimenek 2008-2010 urte bitarteko ahalegin publikoa berreskuratzeko
planteamendu zehatza egin zion
HPSri. “Horrek ia 1,5 milioi euroko ekarpena egingo zion sektoreari. Horrez gain, irismena, kalitatea, berrikuntza edo estrategia irizpideekin lotutako poltsa aldagarri eta neurgarri bat ere aurreikusi genuen (1 milioi euro). Planteamendu hori irekia zen”.