Lea Artibain (Ondarroa eta Leketion jaso dituzte eskariak),
250 bat lagunek parte hartu dute
Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainan. Eta guztira, Lea-Artibain,
750 bat olio bidoi eskatu dira. Euskal Herri mailan, baina, 75.000 litro olio eskatu direla jakitera eman dute Errigorako ordezkariek. “5.000 etxe baino gehiagotara ailegatu gara. Ederra egin dugu!”.
Iazko kanpainagaz alderatuz, aurten,
eskariak %65 gehitu direla azaldu dute. “Eta 2014az alderatuz gero, eskariak %150 gehitu dira”. Horrela ba, datu horien aurrean, kanpainan parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete Errigorako kideek. “Mila esker hau posible egin duzuen Errigorako kide, euskaltegi, ikastola, eskola, herri komunikabide, lantoki, elkarte eta herrgintzako boluntario guztiei”.
Eskariak eginda,
datozen egunetan eskariak jaso diren herri bakoitzeko arduradunek
banaketari ekingo diotela aurreratu dute. Eta orain arte egin modura,
banaketa ere auzolanean egingo da.
Kanpaina honekin, Nafarroa hegoaldeko berezko produktuak eguneroko kontsumo ohituretan txertatu nahi izan ditu Errigorak. “Gure baratzak eman ahal diguna milaka kilometrora ditugun soroetatik ekartzea zentzugabekeria galanta da”.
Olioaren kanpainak kontsumitzaile arduratsuen komunitateak osatzea eta ekoizle arduratsuak saretzea ditu helburu; maiatzaren 12tik 24ra kontserba loteak eskatzeko kanpainari ekingo dio Errigorak
Horrela ba, kanpaina hau, herriz herri bertakoaz elikatzeko prest dauden
kontsumitzaile arduratsuen komunitateak osatzeko saiakera ere badala diote. “Zentzu horretan, aurrera pausoak baino, aurrera jauziak egiten ari gara: 2014an, 30 bat herritan, 1.500 etxetara heldu ginen; 2015ean, 50 herrik bat egin zuten kanpainarekin eta 3.000 etxetara heldu ginen. Aurten, baina, 60 herrik bat egin dute kanpainarekin eta 5.000 etxe baino gehiagotara heldu gara”. Datu horien arabera, urtez urte, kontsumitzaileen sarea “egonkortzen” ari dela gaineratu dute. “Iaz 10 litro eskatu zituenak aurten 20 eskatu ditu, eta aurten banaketa gune bakarra duen herriak datorren urtean hiru edukiko ditu”.
Kontsumitzaile arduratsuen komunitateak osatzeaz gain, kanpainak,
ekoizle arduratsuak saretzea ere helburu duela diote.
Behin kanpaina honekin amaitu eta gero,
maiatzaren 12tik 24ra kontserba loteak eskatzeko kanpainari ekingo diotela aurreratu dute. “Auzolana tarteko, maiatzean ere ekoizleen eskutik kontsumitzaileen eskura leloari eusten jarraituko diogu”.