Aurtengo faboritoek ez dute hutsik egin eta txapelketa partidarik galdu barik amaitu dute
Telleriak eta
Bastidak. Atzo ere, nagusi izan ziren, Lekeitioko trinketean Orbea eta Arrateren kontra jokatu zuten finalean.
Bastida eta Telleria txapeldunak, oroigarriak hartuta. Argazkia: Beteranoen Trinkete Txapelketa
Hasieratik hartu zuten abantaila irabazleek, eta Telleriak bere aire erremateagaz bere erara eraman zuen partida guztia. Sakez ere hainbat tanto egin zituen, eta Bastidaren kolpeagaz segituan hartu zuten aurrea 6 eta 0-eko abantaila hartuz.
Orbeak eta Arratek markagailua 10 eta 6 jartzea ere lortu zuten, eta bazirudien partidari buelta emateko gai izango zirela, baina, Arratek ez zen bere ohiko mailan aritu, eta beraz, ez ziren izan gai abantaila murrizteko. Hainbat pilota sarera sartuta eta teilatu hertzak jota 23 eta 10era heldu ziren. Markagailua 29 eta 14 zihoala, pilota motelagoa hartu zuten Orbeak eta Arratek, eta partida menperatzen hasi ziren. Horrela, 19 tantu lortzera ailagatu ziren, baina, Telleriak eta Bastidak aurretik hartutako abantailak ez zien gehiagorako aukerarik utzi.
Orbeak ahalegin handia egin zuen eta meritu handiko pilotak eraman zituen, baina abantailari ezin izan zioten bueltarik eman. Bastidak, maisutasunez, sare barrura bideratu zuen 30. tantoa eta Arratek, ezkerragaz, ezin izan zuen bueltatu.
Partaide eta babesleak, finalaren ostean. Argazkia: Beteranoen Trinkete Txapelketa
Poz handiagaz jantzi zuten lehen txapela Telleriak eta Bastidak. Hirugarren urtez parte hartu du bikoteak txapelketan eta bigarren finala zuten atzokoa.
3. eta 4. postuak
3. eta 4. postuetarako lehia ere bizia izan zen, orekatu-orekatua eta oparirik barik.Tantu bakarragatik, azkenean, Moral eta Lakaren eskuetara jausi zen 3. postua eta Jaunarena eta Foster laugarren geratu ziren.
Jaunarena bikain ibili zen efektuekin eta Moral ondo-ondo Lakaren aginduei jarraituz. Fosterrek ere partida bikaina egin zuen atzean eta epaileek berari eman zioten lekeitiar onenaren saria.
Lagunarteko partida ere jokatu zen atzo, lehendabizi, Astigarraga eta Egaña eta Beraza eta Etxebarriaren artean. Beteranoak ondo moldatu ziren eta abantaila handia lortu zuten markagailuan. 30 eta 22 irabazi zuten.
Danobat S.Coop.eko ordezkariak Gotzon Atxurrak eman zituen sari bereziak:
–
Txapelketako jokalari beteranoena : Iñaki Astigarraga (Deba), 61 urtegaz
–
Domekako lekeitiar onena : Foster
–
Domekako jokalari humoretsuena: Mikel Jaunarena (Garzaron-Nafarroa)
–
Finaleko jokalari onena : German Telleria (Mallabia)
Beste sariak banatzen egon ziren bai eta ere, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, Mirian Otazua BBKko zuzendaria, Elgoibarko MTE enpresako ordezkaria, Jesus Eizagirre Gorosabel Mendaroko Elektrizitate enpresako arduraduna eta Josu Itza Lekeitioko Udaleko kirol zinegotzia.
Txapelketako otzara ere zotz egin zuten atzo eta zenbaki irabazlea
1.129 izan da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Deban saldu zuten zenbakia eta irabazlea Pablo Diez Rodriguez izan da.