Gehiengo sindikalak deituta, astelehenean Ondarroako Egidazu kaiko Santa Klara izotz fabrikan gertatutako lan istripua salatu dute Ondarroan. Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea lelopean 12:30ean abiatu da manifestazio jendetsua , Zaldupe Zubitik, isilean. Sindikatuetako ordezkariekin eta izotz fabrikan hildako bi herritarren senideekin batera, ehunka herritar bildu ditu deialdiak.
Sindikatuetako ordezkariek, gainera, hildakoen senideei, lagunei eta herri guztiari euren elkartasuna adierazi die.
Dendetako bat itxita, dolu xingola ipinita
Jarraipen zabala izan du sindikatuek deitutako bi orduko lanuzteak, eta Ondarroako komertzio guztiek bat egin dute lanuzteagaz; euren ateetan dolu xingola ipini dute. Era berean, lan istripuaren harira, Ondarroako udalbatzak bi eguneko dolua izendatu du zuen atzo [martxoak 15], aho batez.
Manifestazioak herri osoa zeharkatu du eta Alamedan amaitu da. Han, minutu bateko isilunea egin dute. Plaza bete jendegaz, Alameda txiki geratu da.
Manifestazioaren bukaera, Alamedan
Agur modura, Internazionala eta Eusko Gudariak kantak jo ditu txistulariak. Eta horrela amaitu da ekintza, 13:00ak aldera.
Leire Txakartegi ELA sindikatuko Lan osasuneko arduradunak nabarmendu duenez, astelehenean [martxoak 14] Ondarroan gertatutakoa ez da “kasualitatea”, eta horrelako istripuak salatu beharra dago. “Guk garrantzia ematen diogu horrelako mobilizazioak egitea. Azkenean, lan istripuak ere jendartearen arazo bat bihurtu direla iruditzen zaigu, eta horren inguruko sentsibilizazio bat egotea garrantzitsua dela deritzogu. Eta zentzu horretan, gaur Ondarroan egingo duguna adibide ona da”.
Txakartegik gaineratu duenez, horrelako istripu larriak gertatzen direnean, agerian geratzen da segurtasun neurriek ez direla behar modura bete. “Horregatik, lan ikuskaritzari eta Osalani aztertzeko eta ikerketa sakon bat egiteko eskatzen diogu; zer pasa zen argitzeko, eta egon daitezkeen erantzukizunak eskatzeko”.
ELAko Lan osasuneko arduradunak gogorazi duenez, Ondarroako azken bi hildakoak gehituta, urtea hasi zenez geroztik 14 dira Hego Euskal Herrian hildako beharginak, eta beharrera joateagatik hiltzea, “onartezina” da. “Prekarietatea zabaltzen ari da lan munduan, eta erakundeek naturaltasunez onartzen dute jarduera ekonomikoa berreskuratzen ari denez, lan istripuak ere gehitu egingo direla”.
Ainhoa Etxaide eta Leire Txakartegi manifestazioaren buruan joan dira
Lerro beretik, Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak ere, beharreko istripuekin amaitzea “derrigorrezkoa” dela adierazi du. “Guretzat onartezina da, urtea hasi zenez geroztik 14 hildako egotea behar istripuetan. Horrek, gainera, ez du erakundeeen agendetetan inolako aldaketarik suposatu, eta erakundeen aldetik ez dugu hori gelditzeko berritasunik ikusi”.
Horrez gainera, heriotzen zergatia argitu eta zer gertatu den jakitea “berebiziko garrantzia” duela azpimarratu du Etxaidek. “Zer gertatu den argitzea exijitzen dugu. Ez dakigu zer gertatu den, baina argi dago akatsen bat egon dela, eta hori, beste behin ere, bi hildakorekin ordaindu da. Eredu bat errepikatzen ari da. Segurtasun neurrietan inbertsioak gutxitu direnez, eta lan prekarietateagaz batera, lan istripuak eta hildakoak eragiten ari da, eta ez dago erakundeen aldetik, ez patronalaren aldetik hori gelditzeko politika errealik”.
Sindikatuek deituta, Ondarroan egin den manifestazioa
Goizeko protesten gain, Ernai gazte antolakundeak eta EH Bilduk deituta, “lan baldintza duinen aldeko” elkarretaratzea egingo da, 19:00etan, Alamedan, Prekarietaterik ez! Lan baldintza duinak denontzat! lelopean.
Era berean, LAB sindikatuak domekarako [martxoak 20] mobilizazioak deitu ditu, Lekeition. 12:30ean hasita, Lan istripu gehiagorik ez! Lan heriotzik ez! lelopean manifestazioa egingo da, Eskolapetik hasita.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.