Kamiñaldeko lur jausiaren eraginez, euren lokaletatik atera behar izan zituzten merkatariak gaur [martxoak 16] goizean udal arduradunekin batu dira; izan ere, euren negozioetara sartu nahi zuten handik gauzak ateratzeko.
Hasiera batean, ez dute teknikariek baimenik lortu, baina alkatearen ardurapean gauzen bila sartzeko aukera izan dute ordu batzuez. 10:00ak aldean ireki dute hesia, eta ordurako merkatariak zain zeuden euren negozioetatik gauzak ateratzeko.
San Inazioko merkatariak altzariak garraiatzen gaur goizean
Hainbat udal ordezkari ere merkatariei gauzak garraiatzen laguntzen aritu dira, 12:30ak ingurura arte, eta denbora tarte horretan beharrezko gauza guztiak ateratzeko aukera izan dute. Udal ordezkariek iragarri dutenez, gainera, merkatari gehienek lokal berriak lortu dituzte, euren jarduerekin “ahalik eta lehen” jarraitu ahal izateko.
Nahia Badiola, Nahia ileapaindegiko jabeak, esaterako, lokal guztia hustea lortu du, eta gauzak han hemenka gordeta dituela nabarmendu du. “Materiala etxeko gela batean sartuta daukat, eta altzariak, ostera, udaletxeak egokitu duen tokira eraman ditugu”.
Badiolak azpimarratu duenez, gauza guztiak atera ostean, “lasaitu ederra” hartu du. Bestalde, oraingoz, beste lokal batera lekuz aldatzeko asmorik ez duela aipatu du. “Ileapaindegi bat lekuz aldatzea ez da oso erraza. Era bateko egokitzapen batzuk dituen lokala behar da, eta momentuz, zer gertatzen den ikusi arte, zain egotea erabaki dut”.
San Inazioko merkatariak materiala ateratzen
Aitziber Amutxastegi, ostera, KZgunetik ordenagailuak ateratzen ibili da. “Nire bikoteari bertatik gauzak ateratzen laguntzera etorri naiz. Gauzak barrutik atera ditugula jakinda, orain lasaiago gaude. Egia esan, egunotan nahikoa buruhauste izan ditugu; lur jausia dela eta, etxea ere utzi behar izan dugu, eta nahikoa urduri ibili gara, dena asimilatu nahian”.
Amutxastegik aurreratu duenez, lokal berria bideratuta dute, lehen KZgunea zegoen tokian, Arrantza Eskolan. “Zuzendariagaz berba egiteko aukera izan dugu, eta bertan birkokatzeko arazorik ez dagoela esan digu. Gure asmoa, dudarik gabe jardueragaz ahalik eta arinen hastea da”.
Merkatariak gauzak garraiatzen
Bestalde, udal ordezkariek azpimarratu dutenez, San Inazioko merkatariek dagokien fitxa bete beharko dituzte, diru laguntzak jasotzeko. “Atzo merkatariekin izandako bileran, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek aholkatuta, jarduera bakoitzaren datuak biltzen dituen fitxak osatu ditu Ondarroako Udalak. Orain, merkatari bakoitzak, zein nolako diru laguntza mota eskuratu dezakeen aztertzeko, fitxa hauek betetzera joan beharko du Garapen Agentziako bulegora”.
Fitxa aurretik eskuratzeko 94-683 34 95 telefonora deitu edo merkataritza@leartibai.com helbidera posta elektronikoa bidali beharko da. Bulegoko ordutegia honakoa da: astelehenetik eguenera, 09:00etatik 17:00etara, eta barikuetan, ostera, 09:00etatik 15:00etara.
Aurreko albisteak ikusi:
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.