Izaskun Orbegozo: "Saturrarango presoen historian argi izpirik egon zela erakutsiko dut"
Uxu Ondarroako emakumeen taldeak antolatuta, Orbegozo kriminologoak hitzaldia eskainiko du martitzenean [martxoak 22], 19:00etan, Etxelilan: Memoria de mujeres educadas en prision. El silencio de la carcel de Saturraran. Orbegozok Julia Monge Sarabia Intxorta 1937 kultur elkarteko kideagaz batera eskainiko du berbaldia.
Zure ikerketa lana da Memoria de mujeres educadas en prision. El silencio de la carcel de Saturraran. Baina, beste lan handiago baten parte da, ezta?
Intxorta kultur elkarteak argitaratu duen Educacion, memoria e historia de las mujeres vascas. Lecturas feministas lan kolektiboko artikulu bat da nirea. Lan kolektiboak gai ezberdinak biltzen baditu ere, nire artikulua preso egondako emakumeen ingurukoa da, eta horretan, Saturrarango emakume presoei aipamen berezia egin diet.
Zure lanak zeintzuk atal jorratzen ditu?
Historiak emakumeei ez die protagonismoa eman; are gutxiago kartzelan preso egon diren emakumeei. Nire artikuluak hain ezaguna ez den espazio horren inguruan hausnartzea proposatzen du. Hezkuntza alorrean preso egondako emakume horiek bizitakoa berreskuratu nahi izan dut.
Eta hezkuntza aldetik, emakume horiek zelako bizipenak eduki zituzten?
Kartzelan ikasi egin ahal izan zuten. Jasotzen zutena hezkuntza ez formala bazen ere, ikasitakoak askotarako balio izan zien. Besteak beste, idazten eta irakurtzen ikasi ahal izan zuten. Preso zeuden andereñoek ere, nolabait, euren jarduna egin ahal izan zuten. Hezkuntza doktrinatze erlijioso bezala erabiltzen bazen ere, alde positiboa ere bazegoen. Izan ere, horri esker, emakume preso askok, kartzelan egiten ziren tailer eta bestelako saioei esker ikasi ahal izan zuten.
Presoek jasotzen zuten formazioa, baina, botereak baldintzatuta zegoen. Errepresioak nola eragin zuen horretan?
Erlijioa zegoen formazio horren guztiaren oinarrian; derrigortuta zeuden erlijio klaseetara joatera. Biblia irakurtzea ere derrigorrezkoa zen, baina horri esker, irakurtzen ere ikasi zuten. Saio horietako batzuk andereñoak ziren eta preso zeudenek ematen zituzten. Eta gainerako presoek ere nahiago zuten horrela izatea. Izan ere, preso zeuden andereñoek klaseak ematen ez bazituzten, Mutrikutik etorritako emakume batzuk emango zizkietela esaten zieten monjek. Noski, kanpotik etorriko ziren horiek erregimenaren aldekoak izango ziren, eta ondorioz, nahiago zuten beste presoek ematea.
Historia ilun honetan, beraz, zer edo zer positiboa ere egon zen…
Hori da. Emakume horiek bizi izan zuten gogortasuna eta errepresioa jasotzen duten testigantzek ere hori erakusten dute. Eta testigantza horietan oinarrituz, nire artikuluak Saturraranen eta beste hainbat espetxeetan preso egon ziren emakumeen historian argi izpirik egon zela erakusten du; hori da Etxelilako hitzaldian bistaratzen saiatuko naizena.