Euskal Herriko Itzuliko antolatzaileek eta Etxebarriko eta Markina-Xemeingo Udalek apirilaren 4an Etxebarrian hasiko den 56. Euskal Herriko Itzulia aurkeztu eta lankidetzarako
hitzarmena sinatu dute gaur goizean Etxebarriko udaletxean egindako ekitaldian. Bertan egon dira Julian Eraso, Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea, Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkatea eta Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo Udaleko kirol zinegotzia.
Udalerrian asteburuan izandako
ezbeharra gogoan hasi du aurkezpena Etxebarriko alkateak. Etxebarritarrek kolpe gogorra hartu dutela azpimarratu du Iriondok, bertan bizi zen gazte ondarrutarra galduta. Hori dela eta, Itzuliaren hasieran, eta gainera hil zen mutila lasterketa laguntzen duen Nemak enpresako behargina zela kontuan hartuta, bere omenez, irteerako momentuan, minutu bateko isiltasuna egingo dela jakitera eman du Julian Erasok. “Haren familiak duen atsekabea leuntzeko asmoz”.

Joseba Iraolagoitia, Jesus Iriondo, Juanjo Txurruka eta Julian Eraso hitzarmena sinatzen gaur goizean egindako ekitaldian.
Gaztea galdu duen sendiari euren samina eta elkartasuna erakutsi ondoren, eskerrak emateko tartea hartu dute ekitaldiaren antolatzaileek. Euskal Herriko Itzuliaren antolatzaileei euren eskaria onartzea eskertu die Jesus Iriondok eta guztia aurrera eramateko egin duten ahalegin ekonomiko handia enpresei. Hamar enpresa aitatu ditu, besteak beste Etxebarriko alkateak: Eika, Fagor Arrasate, Arizmendi harrobiak, Beizama, Solozabal autoeskola, Urre, Cikautxo, Lasuen, Gaimaz eta Nemak.
Euskal Herriko Itzulia antolatzearen
helburua Etxebarria ezagutzera ematea, Etxebarri eta Markina-Xemeingo bizilagunei zein ingurruetakoei kirolariak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematea, ekonomiari bultzada bat ematea, Etxebarriko izena munduan zehar zabaldu duen
Amets Txurruka txirrindulariari omenaldi bat egitea eta txirrindularitzan leku bat egin nahian beharrean dabiltzan txirrindulari gazteei bultzada bat ematea dela azaldu du Iriondok. Horrez gain, proiektua aurrera eraman duten bi herriek elkarlanean egindako beharra eta ahalegina nabarmendu ditu. “Askotan politikak banandu egiten gaitu eta kirol hau medio politiko kolore ezberdin eta herri bi elkartu gara. Ia aurrerantzean ere, beste esparruetan ere berdina gertatzen den, gizarte honek elkartzea eskatzen deusku-eta, ez banatzea”.
Boluntarioei ere bere esker ona erakutsi nahi izan die Etxebarriko alkateak, eta Joseba Iraolagoitiaren lanari aipamen berezia egin dio, “urte luze honetan guztiaren gainean egoteagatik”.
Nahiz eta herri bi izan, Etxebarria eta Markina-Xemein oso lotuta dauden herriak direla aitatu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak asteburuko ezbeharra bere eginez. “Etxekoak gara denok eta elkartasuna adierazi nahi diegu herriari eta etxekoei”.
Errepikatzeko gogoz
Orain dela bi urte Markina-Xemeinen egin zen Itzuliaren amaieratik Markina-Xemeingo, eta batez ere Etxebarriko Udala, errepikatzeko gogo handiagaz geratu zirela adierazi du Julian Erasok. “Amaiera izan zen orduan, oraingoan hasiera izango da” aitatu du herri biei eskerrak emanez. “Aurreko Itzulian oso ondo atera ziren ekitaldi guztiak eta ziur nago oraingoan ere ondo aterako direla, elkarlanean gauzak oso ondo egin dituztelako”.

Itzuliko eta udaletako ordezkariak eta laguntzaileak gaurko ekitaldiaren amaieran.
Amets Txurruka Lagunartie eta Markina-Xemeingo Txirrindulari Taldearen parte hartzea eskertu ditu, amaitzeko, Joseba Iraolagoitiak, eta herritarrei pazientzia apur bat eskatu die lasterketak sortu ditzakeen eragozpenakgatik. “Ordu batzuetan errepideekin arazoak egoten dira eta”.
Lehenengo etapak
Apirilaren 4an,
13:25ean,
irtengo dira txirrindulariak Etxebarriatik, 56. Itzuliari hasiera emanez. 144 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, Markina-Xemeingo frontoiaren pareko errepidean egongo den helmugara heltzeko. 3. mailako portu bi (Gontzagaigana eta Santa Eufemia), bigarren mailako beste bi (Azkarate eta San Miguel) eta lehen mailako bat (Ixua) igo beharko dituzte ibilbidean zehar, eta gutxi gorabehera 17:00ak inguruan helmugaratu daitezkeela aurreikusi du antolaketak.
UCI World Tour-eko
talderik onenak ikusteko aukera egongo da: Team Katusha (RUS), Team Sky (GBR), Movistar Team (ESP), Orica Green EDGE (AUS), BMC Racing Team (AEB), Tinkoff (RUS), Cannondale Pro Cyclin Team (AEB), AG2R La Mondiale (FRA), Lotto Soudal (BEL), FDJ (FRA), Dimension Data (RSA), Lampre-merida (ITA), Trek-Segafredo (AEB), ETIXX- Quick Steep (BEL), Iam Cycling (SUI), Astana Pro Team (KAZ), Team Giant-Alpecin (GER), Team Lotto NL-Jumbo (NED), Caja Rural-Seguros RGA (ESP) eta Cofidis,Solutions Credits (FRA).
Talde horien guztien
aurkezpena Etxebarrian bertan egingo da, itzuliaren lehen egunean,
12:10etan hasita, udaletxe aurrean. Bertan egongo da Amets Txurruka, herriko txirrindularia, oraingoan, Orica Green EDGE talde berriagaz.
Itzuliaren bigarren etapa, apirilaren 5ekoa, Markina-Xemeinen hasiko da, 12:35ak aldera, Zelaitik.