LAB sindikatuak deitutako
manifestazioak zeharkatu zituen atzo Lekeitioko kaleak. Ondarroako Egidazu kaiko Santa Klara izotz fabrikan gertatutako lan istripuan hildakoei agurrik sentituena eskaini eta heriotz istripu horiek prekarietatearen ondorio direla salatu zituzten, lan heriotzak eta prekarietatea garaitu behar direla aldarrikatuz.

LAB-ek deituta, atzo Lekeition egin zen manifestazioa. Argazkia: LAB
“Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun
baldintza eta lan egiteko moduen ondorio dira. Ekidin daitezke, baina instituzioak arazoari irtenbidea emateko neurriak hartu ordez begirale huts bilakatu dira”, adierazi zuten sindikatuko ordezkariek LAB-ek, orain arte bezala, prekarietatearen kontrako borrokan lehen lerroan jarraituko duela azpimarratuz. ” Langileekin batera gure eskubideak errespetatuak izan daitezen lanean”.
Sindikatuak gogorarazi zuenez,
hamalau dira urtea hasi zenetik lan istripuen ondorioz hildako langileak. “LABek aspaldi salatu bezala, heriotz istripu hauek ez dira kasualitatea, lan alorrean ematen ari den prekarizazioaren ondorio lazgarria baizik. Lan baldintza kaskarren, prebentzio neurri eznahikoen edo mantenimendu faltaren emaitza dira”.
LAB-en esanetan, agintari politiko eta ekonomikoen ahotan behin eta berriz entzuten den hazkunde ekonomiko hori
langileen eta euren lan baldintzen bizkar eraiki nahi dute. “Erabaki horren emaitzak denok ezagutzen ditugu: laneko gaixotasunak, lan istripuak eta heriotzak. Gaur egungo ereduak miseria eta heriotza besterik ez dakar langile klasearentzat”.

LAB-ek deituta, atzo Lekeition egin zen manifestazioa portuan zehar. Argazkia: LAB
Istripuak ekidin litezke, LAB-en ustez, horretarako neurriak hartuz gero, baina enpresa eta administrazioek ez dute arazoari irtenbidea emateko neurririk hartzen. “Alderantziz, Instituzioak begirale huts bilakatu dira eta hori onartezina da LABen iritziz”.
Sindikatuak, prekarietatearen kontrako
borrokan lehen lerroan jarraituko zuela nabarmendu zuten azkenik. “Langileen ondoan izango da prebentzio lanetan zein salatzerako orduan”.