Basoen Nazioarteko Eguna dela eta, Lekeitioko Udalak, herriko ikastetxeekin batera zuhaitz landaketa antolatu du Garraitz irlan.
Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Sustatzeko diputatuak,
Lucia Isla Nekazaritzako zuzendariak eta
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak hartu dute parte Garraitz irla basoberritzeko hasierako lanetan. Eurekin batera egon dira Lekeitioko ikasleak, eta guztiek batera, hainbat espezietako 700 zuhaitz landatu dituzte.

Lekeitioko ume eta nagusiak espezie ezberdinetako zuhaitzak landatu dituzte Garraitz irlan. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Azken hilabeteetan irla
basoberritzeko lanean aritu da udala, Bizkaiko Foru Aldundiagaz lankidetzan, eta Zuhaitz Eguna ospatzeko ekitaldi horregaz lan horien azken faseari hasiera eman diote. Bi erakundeak garatu duten proiektuaren helburua irla berreskuratu eta Lekeitioko paisaiari itzultzea dela azaldu dute. “Udalerriko natur eta ondare baliabiderik nagusienetakoa da eta”.
Ingurunea
ikuspegi naturaletik berreskuratuko dela azpimarratu du, gaur, Elena Unzuetak. Baina, aldi berean, bisitatzera joaten diren pertsonek eta Lekeitioko bizilagunek gozatu ahal izango dutela. “
Uharte hau ikuspuntu guztietatik berreskuratuko dugu. Natur espazio hau zaharberrituko dugu, landaretza berriz hornitu ere bai eta, era berean, bisitatu nahi dutenentzat erakargarriago bihurtuko dugu, turismorako eta aisialdirako ikuspegi berria emanez”, azaldu du.
Hori guztia lortzeko, uztailean abian jarri zuten plangintza bat diseinatu zuten erakunde biek. Horrela, irla inguratzen duten bideak egokitu, itxitura babesleak konpondu, zuhaitza lehorrak moztu, trontzatu eta metatu dituzte, eta orain, ingurua landatzen hasi dira.

Zuhaitz Eguneko parte hartzaileak Koldo Goitia alkateagaz batera zuhaitz ale bat landatzen. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Guztira, zutik zeuden 70 ale lehor moztu dituzte eta jada lurrean zeuden beste 50 kendu dituzte. Gaurtik aurrera berriz, 11 espezie ezberdinetako
700 ale landatuko dituzte, “kantauriko itsasertzak berezkoak dituenak, eta beraz, gazitasuna jasaten dutenak”.
Hain zuzen, 1
00 ale gorosti, 200 arte, 30 ale gurbitz eta 200 erramu, 100 tamarindo, 15 legeltxor, 10 otsalizar, 10 gurbe zuri, 15 karraskila, 10 madariondo basati eta 10 sagarrondo basati landatuko dituzte Garraitzen.