Goizetik hasi dira Euskal Herriko Itzuliko antolakuntzakoak azken seinaleak jartzen, eta taldeak Etxebarrira ailegatzen ari dira, 12:10ean, udaletxe aurrean egingo duten aurkezpenerako gertu egoteko. Irteera 13:20an izango da, eta txirrindulariak gutxi gorabehera, 17:00ak aldera ailegatuko direla Markina-Xemeingo helmugara aurreratu dute Itzuliko antolakuntzakoek. Etxebarriko Erbera kaletik irtengo dute 160 txirrindulariek, eta helmuga Markina-Xemeingo frontoi nagusiaren aurrean izango dute. Guztira, 144 kilometro egin beharko dituzte gaur.

Seinaleak jarrita Markina-Xemeinen.
Atzo arratsaldean egin zuten Etxabarriako frontoian zuzendaritza, epaile eta lasterketa lehiatuko duten hogei taldeetako kirol zuzendarien arteko bilera. Lasterketan gehitutako segurtasun neurriak azaldu zituzten bertan, eta zuzendariei azken argibideak eman zizkieten guztia zuzen joan dadin. “Lehentasuna lasterketari eman zaio eta, batez ere, txirrindulariaren segurtasunari”, adierazi zuen Jose Luis Arrieta Itzuliako zuzendariak.
Parte hartuko duten 160 txirrindularien segurtasuna ziurtatzeko, Arrietaren esanetan “biribilguneak eta bihurgune arriskutsuak ekidin eta asfaltoa berritu da errepideak egoerarik onena eskaintzen ez zuen lekuetan”.
Jesus Iriondo Etxebarriako alkatea ere, bileran egon zen, eta gustura agertu zen Amets Txurruka, Orica GreenEdgeko txirrindularia, edizio honetan lehian izango delako. Izan ere, Txurruka Etxebarriak izan duen txirrindulari profesional bakarra da gaurdaino, eta Itzulia etxean hasteko aukera izango du.