Esker onak emateko eta maitasuna adierazteko helburuagaz, Euskal Telebistak
Asko maite zaitut saioa hasi zuen domekan. Eta lehenengo saio horretan Lekeitioko Gorosti Txopitea izan zen protagonistetako bat. Senideen, lagunen eta gainerako herritarren maitasun mezua “pozik eta ezustean” hartu zuela azaldu du.
Asko maite zaitut domekan hasi bazen ere, grabaketa joan den urteko uztailean izan zela jakitera eman du Txopiteak. “Pozik bizi izan nuen momentu hori. Egia esan, nik aldarrikatu nahi izan ditudan mezuekin lekeitiarrak beti izan dira eskuzabalak eta beti egon dira laguntzeko prest. Horrez gain, kategoria handiko lagunak eta senideak ditudala ere esan behar dut”.
Helburu solidarioa
Izan ere, urteetan, Txopiteak gaixotasun neuromuskularrak bistaratzeko bidea egiten dihardu. Eta gai hori mahairatze aldera, hainbat ekimen bultzatu izan ditu lekeitiarrak, lau haizetara zabaldu den tapoi bilketa solidarioa tarteko. “Nik nahi dudana da gaixotasun arraroei buruz jendeak berbetan jarraitzea. Beti aldarrikatu dugu administrazioak gehiago lagundu behar digula. Ikertzea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da gaixotasun arraroren bat dutenen senideei euren egunerokotasunean laguntzea”.

Txopitearen argazkiak, Asko maite zaitut.
Kasu hori da hain justu Txopitearena. Izan ere, bere semeari gaixotasun neuromuskularra atzeman zioten. Ordutik, gaia ezagutara emateko bateko eta besteko ateak jo ditu lekeitiarrak. “Ni horrelako naiz. Baina beste asko eta asko daude guk bizi dugun egoera bera bizi dutenak eta isilean asko egiten dutenak”.
Funtsean, gaixo dauden horien kasuan, ez dela aurrera begiratzen dio. “Gaixotasunik ez dutenen kasuan, aurretik etorri ahal denaz pentsatzen da (unibertsitarera joango da?…). Horrelako gaixotasunak dituztenekin ostera, ez da hori gertatzen; urte batzuk eta gero pertsona horiek beharko dutenaz ere pentsatu egin behar da”.
Ingurukoen babesa
Urte hauetan guztietan senideak eta lagunak bidelagun izan dituela dio Txopiteak, beste herritar askogaz batera. Horietako bat da Ostaizka Zabaleta. Eta bera izan zen Txopiteari sorpresa emateko konplizea ere. “Ibilbide honetan Ostaizka nire erdia da, ni ez naiz ezer bera barik. Nire koinata ere gure bidera gehitu zen”.
Domekan, telebistako saioa Zabaletagaz eta koinatagaz ikusi zuela dio.
Senide, lagun eta herrikideen maitasun mezuak jasota, bere aldarrikapenen bidean aurrera egiten jarraitzeko indartsu dagoela gaineratu du Txopiteak.