Siriako errefuxiatuei laguntzeko kanpainak, Mutrikun
Errefuxiatuei laguntzeko asmoz, bilketa solidario bi egiteko deiak egin dituzte Mutrikun. Alde batetik, Zabiel Eskulan Taldeko kideak arropa ez den bestelako materiala biltzen hasiko dira astelehenean, hilaren 17ra arte. Beste alde batetik, herritar talde bat oinetakoak ari da biltzen Zabiel plazan dagoen Tipi Tapa jostailu dendan; oinetakoak eguaztenera arte bilduko dituzte.
#KatiuskaErronka izena duen kanpaina Donostian hasi bazen ere, mutrikuar talde batek bilketa horrekin bat egin eta herrian bilketa puntu bat jarri du. Horrela ba, kanpaina horretan ekarpena egin nahi dutenek Tipi Tapara joan beharko dute oinetakoak lagatzera. Ordutegia ondokoa da: astelehenetik barikura 16:00etatik 20:00etara, eta zapatuan 09:30etik 13:30era.
Biltzen den guztia Donostiara bidaliko dute, eta handik Siriara bideratuko dute.
Eskulan taldekoen bilketa. Bestalde, Zabiel Eskulan Taldeko kideak ere beste bilketa bat egiten hasiko dira astelehenean. Horretan, ondoko materiala bilduko dute: osasun eta garbitasun materiala (askotariko kremak, xaboia, hortzetako pasta, konpresak, gasak…), umeentzako materiala (elikagaiak, pixoihalak, eskola materiala, jostailuak…) eta bestelako materiala (mantak, lo zakuak, kanpin dendak, umeak eramateko motxilak…).
Bilketa Maria Rekadistaren lokalean egingo dute, eta ordutegia ondokoa izango da: astelehenetik barikura, 10:00etatik 12:00etara eta 16:30etik 19:30era; zapatuan eta domekan, 12:00etatik 14:00etara. “Herriko ikastetxeetara ere eraman ahalko da materiala”.
Aurretik ere artilea biltzeko kanpaina egin zuten eskulan taldeko kideek. Horretan, bildutako materialarekin 400 bufanda eta txapel, eta 50 manta inguru egin zituztela jakitera eman dute.
Eskulan taldea errefuxiatuei laguntzeko Eibarren (CARE) dagoen elkartearekin elkarlanean aritzen da; bildutakoa hara bideratzen dute, eta handik Siriara bideratzen dute.