Iaz denboraldi bikaina egin eta gero, aurten ere dena emateko prest dago Ioana Osa Larruzea (Ondarroa, 1980)
Koaxi S Concept taldeko triatleta. Maiatzean hasiko da denboraldi berria, eta egunotan, denak emanda dabil entrenatzen. Entrenamendu horietako batera bidean elkarrizketatu du HITZAk.
Zure kasuan, triatloiagaz lehen kontaktua berandu eduki zenuen. Zelan hasi zinen?
Unibertsitateko ikasketak amaitu nituenean eta behin Ondarroan bueltan, igeriko ikastaro bat egin nuen, igerian hobetzeko. Ostean, igeri taldean hasi nintzen, master taldean, zer edo zer egitearren. Master taldean nenbilela, triatloi taldeko hainbat kidegaz topo egin nuen, eta triatloi herrikoian parte hartzera animatu ninduten. Hala, 2008an Ondarroako triatloi herrikoian parte hartzeko aukera eduki nuen, eta hori izan nuen triatloiagaz izan nuen lehen kontaktua. Egia esan, beste askorentzat modura, Ondarroako proba triatloia ezagutzeko aukera oso ona izan zen, eta ostean, Koaxin sartu, eta pixkanaka lehiatzen hastea erabaki nuen. Lehiatu nuen lehenengo triatloia 30 urtegaz egin nuen, 2010ean. Landetako (Frantzia) Mimizan esprint distantziako triatloian parte hartu nuen, taldeka, Koaxikoekin.
Eta hortik aurrera, zer?
Pixkanaka entrenatzen hasi, eta hainbat probetara aurkezten hasi nintzen.

Ioana Osa triatleta ondarrutarra
Tritatloiko hiru kiroletatik zein duzu gustukoen?
Hiruretan ondo moldatzen naiz, baina ez naiz bereziki inon gailentzen. Triatloiagaz hasi aurretik ez naiz sekula beste kiroletan aritu, eta hirurak berriak dira.
Lehen hamarren artean askotan amaitu duzu. Zein sarik egin dizu ilusiorik handiena?
Jasotako sariek baino, Zarauzko triatloia parte hartu dudan bietan amaitzeak ilusio handiagoa egin dit. Iaz, hirugarren egin nuen Euskadiko txapelketan, eta 2014an, 7. amaitu nuen; nire lehenengo triatloi luzea zen, eta pozik amaitu nuen.
Zarauzko triatloiak zer du berezia?
Ibilbidea eta jendearen animazioa oso bereziak dira. Triatloia bera, oro har, oso polita da. Getarian hasten zara igerian, eta Zarauzko hondartzan amaitu. Gero, herritik igarotzen zaren momentu guztietan, jendea animatzen aritzen da. Zarauzkoaz gain, Ondarroako triatloia ere niretzat oso berezia da, eta oso ondo antolatuta dago. Herrian beste emozio bat izaten da, denek ezagutzen zaituzte, eta animo asko jasotzen dituzu.

Ioana Osa, Mallorcako Ironmanean. Argazkia: Imanol Osa
Iaz Mallorcako Ironman proba entzutetsua ere egin zenuen. Eta hori?
Taldekide batzuek Ironmanak egin izan ohi dituzte, eta beti inbidiagaz geratzen nintzen. Duela bi urte Gasteizko probara joan ziren asko, eta euren ilusioa eta prestakuntza ikusita eta kontatzen zutena kontuan hartuta, niri ere parte hartzeko gogoa sortu zitzaidan. Bat prestatu eta egiten saiatu beharra nuela bururatu zitzaidan.
Mallorcako proba hori, zehazki, zergatik aukeratu zenuen?
Egia esan, hurbiltasunagatik aukeratu nuen, eta beste euskal triatleta batzuk ere bertan parte hartzera zihoazelako ere bai.
Zelan prestatzen da Ironman bat egiteko?
Nire kasuan, behinik behin, entrenamenduak bidaltzen dizkidan entrenatzaile bat daukat. Berari komentatu nion ea zer irizten zitzaion Zarauzko triatloia egin, eta horren ostean, Mallorcako Ironmana egitea. Entrenatzaileak Ironmana egiteko gai nintzela esan zidan, eta horrenbestez, prestaketa lanekin hasi ginen.
Joan baino arinago, hainbat arazo pilatu zitzaizkizun, ezta?
Nik uste dut, ohikoa dela azkenengo momentuan arazoak pilatzea. Bizikleta arazoren bat edo bestegaz hasi zen, eta hegaldia ere atzeratu egin zidaten, azken momentuan. Dena aldrebes atera zen. Azkenean, hegaldi berri bat lortu behar izan nuen, eta lasai ailegatu beharrean, gauzak okertu egin zitzaizkidan.
Bera eguna zelan gogoratzen duzu?
Proba aurretik oso urduri negoen, eta txarto pasatzen. Ustekabean, irteera puntura kuadrillakoak agertu ziren, eta haiekin batera, nire familiakoak. Haiek ikusteak indarra eman zidan, animo pila bat. Horri esker, gerokoan, lasterketan gozatu ederra hartzea lortu nuen. Uretara dzanga egin nuenean, helmugara heltzea eta proban ahalik-eta gehien gozatzea nuen buruan. Nire helburua amaitzea zen, eta ezer arrarorik ez pasatzea. Proba luzea da, eta arazo teknikoez gain, arazo fisikoren bat edo beste ere gerta liteke, eta horren beldur banintzen ere, denak ondo irten zuen.

Ioana Osa, triatleta
Lehenengo Ironmana egin eta gero, bigarrenik egingo duzu?
Bai, noski! Baina aurten ez, behintzat. Gogoa badaukat, baina epe motzean ez dut beste Ironman bat egiteko asmorik.
Betetzeko duzun beste erronka pertsonalik ba al daukazu?
Orain ez dut buruan ezer berezirik. Aurtengo nire helburua zera da: izena eman dudan triatloi denetan helmugara heldu eta ondo egitea.
Denboraldi berria laster hasiko da. Non daukazu parte hartzeko asmoa?
Distantzia erdiko bi triatloitan daukat izena emanda: Iruñean eta Zarautzen. Aurten, Ondarroakoa ere egitea gustatuko litzaidake, eta tartean, triatloi motzen bat edo beste ere egitea nahiko nuke, baina oraindik ez dut egutegi osoa erabaki.
Triatloiagaz gain, hainbat raidetan ere ikusi zaitugu.
Raidek, batez ere, mendiagaz lotura gehiago dute, natura erdian, eta dena zure esku geratzen da. Egia esan, iaz ez nuen raid batean ere parte hartu, eta aurten ere, ez dut uste askotan parte hartuko dudanik. Triatloi denboraldia amaitzerakoan, baliteke bat edo bestean parte hartzea. Izan ere, ondo pasatzen dut, eta bateren bat egiteko gogoa badaukat.